Politika -
Martxoak 11ko atentatuak
'Atotxakoa Europan inoiz izan den atentaturik handiena izan zen'
Guztira 192 lagun hil eta beste 1.500 zauritu zirela azpimarratu du Espainiako Barne ministroak, Almudenako katedralean egin duten eliza-ospakizunean.
Erredakzioa
Martxoak 11koa “Europan inoiz izan den atentatu terrorista handiena” izan zela adierazi du gaur Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak, atentatu horien 11. urteurrena gogoratzeko ekitaldian. Estatuko Segurtasun Indarrek terrorismoaren aurka egin duten lana goraipatu du ministroak.
Almudenako Katedralera sartu aurretik, Atotxako trenetan egin zutena “Europan inoiz izan den atentatu terrorista garrantzitsuena” izan zela berretsi du Fernandez Diazek. Guztira 192 lagun hil eta beste 1.500 zauritu zirela azpimarratu du. Eliza-ospakizuna amaitu eta berehala Estrasburgora doala esan die ministroak kazetariei. Bertan, erakusketa bat inauguratuko du Fernandez Diazek, Guardia Zibila eta Polizia Nazionalak ETAren aurka egindako lana azalduko duena.
Borroka horretan, Segurtasun Indarrek egindako “sakrifizioa” eta “garaipena lortzeko ordaindutako odola ere” erakutsiko dute aipatu ekimenean.
“Guztira 350 polizia hil dira, egungo askatasun egoera lortu ahal izateko eta herritarrak terroristen, kasu honetan ETAren, egitasmo totalitarioetatik askatzeko”.
Almudenako hiletan, erakundeetako hainbat ordezkari izan dira, tartean Ignacio Gonzalez Madrilgo Erkidegoko presidentea, Cristina Cifuentes Espainiako Gobernuko ordezkaria Madrilen, Esperanza Aguirre Madrilgo PPko presidentea edota Ana Botella Madrilgo alkatea.
Bestalde, Atotxako tren-geltokian, sindikatuek eta Aktoreen Batasunak deitutako ekitaldi batean, M-11 Elkarteko kideek ere atentatu horietako biktimak omendu dituzte.
Erakundeei “batasuna lortzeko” ahaleginak eskatu dizkiete, eta, biktimen elkarteen batasun eza kritikatu dute.
Pilar Manjon elkarte horretako presidenteak deitoratu du “lehen eta bigarren mailako biktimak” izatea, eta PPk “batasuna lortzeko ahaleginak” ez egitea.