Politika -
Presoak
Fernandez Diaz: 'Legez kanpokoa izango zatekeen Plazaola behatzea'
Barne ministroaren esanetan, ETAko preso ohia baldintzarik gabe utzi zuten aske, eta, beraz, ezin zuten horren aurkako neurririk abiatu.
Erredakzioa
Jorge Fernandez Diaz Espainiako Gobernuko Barne ministroaren esanetan, Poliziak ezin zuen Alberto Plazaola ETAko preso ohia behatu, legez kanpokoa izango zatekeelako. Izan ere, Auzitegi Nagusiak baldintzarik gabe aske utzi zuen.
Auzitegi Gorenak berriz espetxeratzea agindu zuen herenegun, eta Guardia Zibila horren etxera joan zen, baina ez zuten topatu bertan.
Horren ildotik, Plazaola zergatik ez zuten behatu azaldu du Fernandezek. "Egin izan bagenu, legez kanpokoa izango zatekeen", adierazi du Diazek, Bruselan Europar Batasuneko Barne ministroen bilera hasi baino lehen.
Diazek gogorarazi du Plazaola baldintzarik gabe zegoela aske, eta, beraz, ezin zutela horren aurkako neurririk hartu.
"Poliziak edo Guardia Zibilak pertsona horren aurkako segurtasun neurririk abiatzeko agindurik jaso izan balute, pertsona hori behatu eta atxilotu egingo zuketen", gaineratu du.
Auzitegi Nazionalak abenduan askatu zuen Plazaola, Europako 2008ko zuzentarau bati jarraiki, Frantzian preso emandako urteak Espainian ezarritako zigorrean aintzat hartu baitzituen.
Herenegun, baina, Auzitegi Gorenak baliogabe utzi zuen erabakia, eta berriz kartzelatzea agindu zuen.