Politika -
Presoen argazkiak
Gasteizko konpartsa bateko 14 kideren absoluzioa baieztatu du Gorenak
Kalejiran indarkeriari babesa emateko mezu argirik izan ez zela azaldu du Auzitegi Gorenak sententzian. Parte-hartzaileak presoak Euskal Herrira hurbiltzea eskatzen ari zirela erantsi du epaian.
Erredakzioa
Gasteizko konpartsa bateko 14 kide absolbitu zituen Auzitegi Nazionalak 2014an. Auzitegi Gorenak sententzia baieztatu du gaur. 14 kideei terrorismoa goratzea leporatu zieten 2012ko ekainean, alde zaharreko jaietan.
Diginidad y Justicia elkarteak helegitea aurkeztu zuen Auzitegi Nazionaleko epaiaren aurka. Dignidad y Justiciaren helegitea atzera bota du Gorenak. Lau akusaturen kasuan soilik erabakia bertan behera uztea eskatu zuen elkarteak; izan ere, kostuei aurre egiteko baliabide ekonomiko nahikorik ez zuen. ETAko kideen argazkiak erakutsi zituzten absolbituek kalejira batean.
Kalejiran indarkeriari babesa emateko mezu argirik izan ez zela azaldu du Auzitegi Gorenak sententzian. Parte-hartzaileak presoak Euskal Herrira hurbiltzea eskatzen ari zirela erantsi du epaian. Testuinguru horretan, adierazpen askatasun eskubideak presoen argazkiak erakusteko aukerari babesa ematen diola uste du Gorenak.