Politika -
Kontrol saioa
Urkullu: 'Intsumisioa eta ezegonkortasuna da EH Bilduk proposatutakoa'
Bestalde, Segurtasun sailburuak "negoziazioaren bidera" itzultzeko deia egin die Ertzaintzako sindikatuei.
Erredakzioa
EH Bilduk proposatutako ‘euskal bidea’ prozesu “iraultzaile eta intsumisotzat” jo du Iñigo Urkullu lehendakariak. Aplikatzekotan, “ezegonkortasuna eta zalantza” besterik ez lukeela ekarriko gaineratu du.
Ezker abertzalearen proposamena errefusatu eta, ezarritako “prozesu demokratikoak errespetatu, Euskadiren “subiranotasun maila” handitzeko bere egitasmoa defendatu du Urkulluk.
Lehendakariaren iritziz, ‘euskal bidea’-ren sustatzaileek “erakundeekiko intsumisioa” defendatzen dute.
Modu horretan, Peio Urizar EH Bilduko legebiltzarkide eta EAko idazkari orokorrak egindako galderari erantzun dio lehendakariak.
ETAk armak utzi ondoren, Euskadik “aro berri bat” bizi duela esan du lehendakariak, baina etorkizuna ez dela “orri zuri” batean idatziko ohartarazi du. “Gaur ez gara zerotik hasi, eta bihar ez gara zeruan izango; herri hau egunez egun eraiki behar dugu”, azpimarratu du lehendakariak.
EAk eta Urizarrek EH Bilduren proposamen horrekin bat egitea ez duela ulertzen esan du Urkulluk.
“Hau ez da ‘euskal bidea’, iraultzaren bidea baizik; ezegonkortasun politiko, sozial eta ekonomikoaa ekarriko duen bidea, alegia”, azpimarratu du.
Horregatik, ezker abertzalearen proposamen aurrean, “akordioaren” bidea defendatu du Jaurlaritzako buruzagiak. EAEko lau alderdien arteko hitzarmena proposatu du, “Estatuarekin akordio berri bat lortzeko” aurrerapauso moduan.
Bake prozesua
Bestalde, Kolonbiako bake-prozesua babestea eta, bitartean, Euskal Herrikoari ekarpenik ez egitea leporatu dio Urkullurk Mariano Rajoyri. “Elkarrizketa, babesa edota laguntzarik ez dio eman”, salatu du lehendakariak.
Urkulluren hitzetan, Euskal Herriko bake prozesuaren aurrean Rajoyk duen jarrera “ulertezina da”.
Era berean, bakea eta bizikidetza lortzeko Jaurlaritzak egin duen lana azpimarratu du lehendakariak.
Erkorekak 'Goenaga jauna' esan dio Borja Semperri
Kontrol saioaren beste une batean, Borja Semper PPko bozeramaileak jarrera "antisistemak" izatea egotzi dio Josu Erkoreka Jaurlaritzaren bozeramaileari. Erkorekak, berriz, berak egiten duena "Zuzenbide Estatua kolokan jartzen duen oro" kritikatzea dela erantzun dio.
Tribunara igotzean, "Goenaga jauna" esan dio Erkorekak Semperri (PPko bozeramailearen neskalaguna Barbara Goenaga aktorea omen da).
Ertzaintzako sindikatuen protestak
Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak mezu bat igorri die Ertzaintzako sindikatuei: “negoziatzeko, adosteko eta proposatzeko” jarrera protestekin ez ordezkatzeko eskatu die.
Iñigo Iturrate (EAJ) eta Miren Gallastegi (PSE-EE) legebiltzarkideek egindako galderei erantzun die Beltran de Heredia sailburuak Legebiltzarreko kontrol saioan.
Ertzaintzako sindikatuek Iñigo Urkullu lehendakaria eta Segurtasun Saileko sailburua jazarri dutela salatu du Iturratek. Horrez gain, lehendakariaren aurka aritzeko “gai pertsonalak” erabili izana leporatu die.
Sailburuak gogoratu duenez, iaz Ertzaintzaren Kontseiluaren eta negoziazio mahaiaren arteko 12 bilera deitu dituzten. Sindikatuak, hala ere, hirutan bakarrik joan ziren aipatu batzarretara, “eta gai-ordenaren lehenengo puntutik ez ziren pasatu”.
Aurten ere hiru bilera deitu dituztela, baina sindikatuak ez direla agertu adierazi du. “Ez dira negoziazioetara etortzen, baina kalean protesta egiten dute”, esan du.
Hala ere, langile publikoek azken urteetan egin dituzten “ahaleginak” gogora ekarri ditu sailburuak. Bere ustez, sindikatuen mobilizazioek ez dute Ertzaintzaren “benetako irudia” islatzen, ertzainek “egunez egun zerbitzu publiko bat betetzen baitute”.
Sindikatuei “elkarrizketaren, negoziazioaren eta akordioaren” bidera itzultzeko eskatu die.