Politika -

Ekitaldia Bilbon

Ibaibarriaga: 'EAJren politika azpijaleari tokia kenduko diogu Bilbon'

Bilboko Alkatetzarako EH Bilduren hautagaiaren hauteskunde-programak hiru ildo izango ditu: Udala "demokratizatu", enplegua sustatu, eta "hiria auzoetatik eta erdigunetik eraiki".

Aitziber Ibaibarriaga Bilboko Alkatetzarako EH Bilduren hautagaia. Argazkia: EiTB
Kudeaketa onaren mitoa gainbeheran dago, EH Bilduren ustez

0:36

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aitziber Ibaibarriaga Bilboko Alkatetzarako EH Bilduren hautagaiak adierazi duenez, koalizio abertzaleak "EAJren politika azpijaleari tokia kenduko dio Bilboko Udalean". Ibaibarriagak salatu duenez, 35 urteko agintaldiaren ostean, EAJren "lagunek baino ez jaso dituzte onurak".

Datozen udal hauteskundeetarako koalizio abertzalearen hautagai-zerrenda aurkeztu du EH Bilduk Bilbon izandako ekitaldi batean. Hauteskunde-zerrendan Ibaibarriaga da lehena, eta Lander Etxebarria (1999 eta 2003. urte artean Bilboko Udalean Euskal Herritarrokeko bozeramaile ohia izandakoa), ordea, bigarrena.

Ibaibarriagak azpimarratu duenez, EH Bilduk "Bilboko Udalari buelta eman nahi dio, EAJk gobernatzen baitu PPk edozein hiri espainiarrean egiten duen bezala". Azken lau urtetan "diru publikoko 68 milioi euro" xahutu izana leporatu dio EAJri, "Iberdrolaren dorrerako, luxuzko etxeak egiteko bulegoak birkalifikatzen, edo Bilbobus bezalako enpresak erreskatatzen".

EH Bilduren hautagaiak zehaztu duenez, haren hauteskunde-programak hiru ildo izango ditu: Udala "demokratizatu", enplegua sustatu, eta "hiria auzoetatik eta erdigunetik eraiki".

Koalizioak gobernatuz gero, urtero herritarrei kontuak azalduko dizkiela iragarri du, eta kontsultarako araudia prestatuko duela herritarrek hiriaren eta auzoen gainean zuzenean erabaki dezaten. "Erabakitzeko eskubidea aldarrikatu nahi dugu, ez bakarrik auzi handietan, eguneroko aferetan ere", esan du.

Halaber, herritarren parte-hartzearen eta gardentasunaren alde egin du Ibaibarriagak. "Udaleko leihoak irekiko eta alfonbrak altxatuko ditugu", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EH Bildu