Politika -
Nafarroako Kutxa
Oposizioak Nafarroako Kutxaren auzia ikertzen jarraitzea eskatu du
CAN auziko ikerketa batzordea hurrengo legegintzaldian errepikatuko da. Horrela adostu dute oposizioko talde guztiek, UPNk izan ezik.
Erredakzioa
Nafarroako Parlamentuko oposizioak Nafarroako Kutxari (CAN) buruzko ikerketa batzordearekin jarraitzea eskatu du finantza erakundea zergatik desagertu zen argitzeko. Hala, ikerketa batzordea hurrengo legegintzaldian errepikatuko da. Horrela adostu dute ostiral honetan foru parlamentuko talde guztiek, UPNk izan ezik.
Gaur amaituko da Nafarroako parlamentuan CAN auziaren inguruan irekitako ikerketa batzordea. Bi hilabeteko epea izan du ikerketa batzordeak, ez da agerraldirik izan eta eskatutako dokumentazioren % 15 soilik eskuratu dute talde parlamentarioek.
Foru parlamentuko alderdi gehienen arabera, ez dute gertaturikoa aztertzeko informazio nahikorik izan.
Carlos Garcia Adanero UPNk Nafarroako Ikerketa Batzordean duen ordezkariaren esanetan, hasieran aurreikusitako ondorioak plazaratuko ditu ikerketa batzordeak. Gaineratu duenez, judizializatutako gaiak epaitegietan ikertu behar dira. "Guztiok hasieran defenditzen genuena defenditzen jarraitzen dugu eta, beraz, ez dago ezer berririk", azpimarratu du.
Juan Jose Lizarbe PSNko parlamentariaren arabera, "akatsa" izan da Nafarroako Kutxako arduradunek ikerketa batzordean agerraldirik ez egitea eta jasotako dokumentazio urria kritikatu du. Halaber, aurreratu du Nafarroako sozialistek ez dutela "inolako arazorik" ikerketa batzordearekin hurrengo legegintzaldian jarraitzeko.
Maiorga Ramirez Bilduko parlamentarioaren hitzetan, Nafarroako Kutxan egin diren "xahuketak" eta bertan egondako "kontrol eza" egiaztatu ahal izan dira ikerketa batzordean. Hori dela eta, ikerketa batzordearekin hurrengo legegintzaldian jarraitzearen alde agertu da. "Parlamentuak hurrengo legegintzaldian ikerketa batzordea irekitzeko betebeharra dauka UPNk jarritako oztopoei aurre eginez", gaineratu du.
Xabi Lasa Aralar-Nabaik ikerketa batzordean duen bozeramailearen arabera, hainbat erakundek ikerketa batzordeari egindako "boikotak" batzordearen lana zaildu du eta, hori dela eta, ikerketa batzordearekin hurrengo legegintzaldian jarraitzea eskatu du. "Gertatzen dena gertatzen dela, hurrengo legegintzaldian ikerketa hori egiten jarraitu behar dugu", gaineratu du.
Ana Beltran (PPN) popularrak hainbat erakundek dokumentazioa bidaltzeari uko egin izana deitoratu du, eta bereziki kritikatu du Nafarroako Kutxaren fundazioaren jarrera. Bestalde, hurrengo legegintzaldian ikerketa batzordearekin jarraitzeko aukeraz galdetuta, ez du bere iritzia eman nahi izan.
Ikerketa batzordearen lana "eskasa" izan dela iritzi dio Txema Mauleon I-Eko parlamentarioak eta hurrengo legegintzaldian ikerketa batzordearekin jarraitzearen alde mintzatu da; izan ere, Nafarroako gizarteak "erantzun argi, zorrotz eta sendoa" eskatzen du.
Manu Ayerdi Geroa Baiko parlamentarioaren iritziz, ikerketa batzordearen sorrera eragin zuen arrazoia "ez da bete" eta, horregatik, haren lana luzatzearen alde hitz egin du.