Politika -
Bilera
EAE eta Katalunia elkarrekin arituko dira 'zentralizazioaren' aurka
Bi gobernuek beste bilera bat egingo dute Kataluniako Gobernuak "Birzentralizazioaren liburu beltza" txostena argitaratzen duenean.
Erredakzioa
EAEko eta Kataluniako gobernuek elkarlanean aritzeko asmoa dute, "ekimen politiko eta juridikoen" bitartez, Espainiako Gobernuak "abian jarri duen autogobernuaren kontrako zentralizazio prozesuari" aurre egiteko.
Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile eta Justizia eta Administrazio Publikoko bozeramaileak eta Joana Ortega Kataluniako Generalitatearen presidenteak eman dute erabakiaren berria, Iñigo Urkullu lehendakariarekin bildu ostean.
Bozeramaileak esan du Jaurlaritzak interes handia duela Generalitatea egiten ari den "Birzentralizazioaren liburu beltza"rekin. Bertan, Artur Masen Gobernuaren ustez autogobernuaren kontra Espainiako Gobernuak hartu dituen neurriak bilduko dituzte.
Erkorekaren arabera, txosten horrek "bat egiten du" Jaurlaritzaren kezkekin, Rajoyren Gobernuak sustatutako neurriek Kataluniako eta EAEko autogobernuak "desitxuratzen" dituztelako.
Bi gobernuak berriro bilduko dira txostena amaitzen dutenean, eta Espainiako Gobernuaren "zentralizazio" prozesuari aurre egiteko "salaketa bateratua" sustatuko dute.
Horren harira, Erkorekak argi adierazi du ez dutela baztertzen "ekimen politiko eta judizial bateratuak planteatzeko" aukera, gizartearen aurrean "elkarrekin" daudela agertzeko, "galdutako botereak berreskuratzearekin obsesionatuta dagoen gobernuaren" aurrean.
Bestalde, Ortegak esan du bi erkidegoek ekimen partekatuak aurrera eramateko aukera dutela "gure autogobernuaren eta gure estatutuetatik eratorritako legeen errespetuan arreta jartzeko".