Itxi

Politika

Hauteskunde autonomikoak

PSOEk irabazi du Andaluzian, baina akordioak lotu beharko ditu

Erredakzioa

PPk azken 25 urteetan izandako emaitzarik txarrena lortu du (33 aulki), eta Podemos hirugarren indarra da (15 aulki). Gobernatzeko gakoa Ciudadanosek izango du (9 aulki).

05:43

Susana Diaz buru duen PSOEk irabazi ditu Andaluziako hauteskunde autonomikoak, 47 aulki eskuratuta; 2012an lortutako aulki kopuru bera, alegia. Hala ere, ez du gehiengo absolutua lortu, eta akordioak lotu beharko ditu gobernatzeko.

PPk, berriz, hondamendi handia jaso du hauteskundeetan; izan ere, azken 25 urteetan izandako emaitzarik txarrena lortu du (33 aulki). Podemos aurreneko aldiz izan da Andaluziako hauteskundeetan, eta 15 diputatu lortu ditu.

109 diputatuk osatzen dute Andaluziako Parlamentua. PSOE, PP eta Podemos alderdiekin, Ciudadanos eta IU ere izango dira. Ciudadanos ere lehen aldiz aurkeztu da hauteskundeetara, eta 9 aulki lortu ditu. IUk, berriz, historian izandako emaitzarik txarrenak jasan ditu: bost bakarrik lortu ditu.

Jose Antonio Griñanek 2012an lortutako emaitza bera lortu du oraingoan Susana Diazek. 2012an Griñanek hauteskundeak galdu zituen, eta gaurko hitzorduan, berriz, Diaz PPri gailendu zaio. Hala ere, Diazek itunak lotu beharko ditu, gobernatu nahi badu.

PPren hautagai Juan Manuel Morenok 17 aulki galdu ditu, 2012ko hauteskundeetan Javier Arenasek lortutakoarekin alderatuta. Duela hiru urte, PPk hauteskundeak irabazi zituen Andaluzian lehen aldiz.

Podemosi dagokionez, Andaluziako Parlamentuan ordezkaritza lortu du, 15 aulki, baina inkestek iragarri baino aulki kopuru gutxiago eskuratu ditu.

Martxoaren 22ko hauteskundeen emaitzak:

Koalizio-gobernua osatzea

1982ko hauteskunde autonomikoetatik, PSOEk koalizio-gobernua osatu du hiru agintaldietan: 1996-2000 eta 2000-2004an, PArekin, eta 2012-2015ean, IUrekin.

Koalizio-gobernuak eragindako ezegonkortasunean oinarrituta, hauteskundeak aurreratu zituen Susana Diaz Andaluziako Gobernuko presidenteak, Izquierda Unida gobernuko bazkidearekin tentsioak izan ostean.

Hauteskunde-kanpainan Diazek azpimarratu duenez, PSOEk ez du akordiorik lotuko ez PPrekin ez Podemosekin, baina ez du ezer argitu IU edo Ciudadanos alderdiekin egin ditzakeen elkarrizketen harira. Beraz, litekeena da PSOE gutxiengoa izanda gobernatzea edo "unean uneko" akordioen bidez egitea.

Balizko itunei buruz Diazek adierazi duenez, "gehiengo handia lortzea espero dut, alderdi nahasmenik gabe bakarrik gobernatzeko".

'Garaipen ukaezina'

Susana Diaz PSOEren Andaluziako presidentegaiaren ustez, gaurkoa "garaipen historiko eta ukaezina" da, eta gaurko emaitzekin guztiek kontsekuente izan behar dutela azpimarratu du.

Horiek izan dira Susana Diazek kazetarien aurrean egin dituen lehen adierazpenak. Buruzagi sozialistak inguruan zituela agertu da, eta "garai berri hau hobea" izango den esperantza agertu du. Halaber, sozialistentzat egun "historikoa" dela nabarmendu du, lehendabizikoz emakume batek irabazi dituelako hauteskundeak.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena