Politika -

Departamendu Hauteskundeak

EH Baik ez du beste inor babestuko bigarren itzulian

Nahiz eta Donibane Lohizuneko eta Bidaxuneko hautagi sozialistek EH Bairen aldeko boza eskatu, EH Baik ez du sozialisten alde egingo inon.

2014ko Udal Hauteskundeak. Argazkia: Nerea Olaso
2014ko Udal Hauteskundeak. Argazkia: Nerea Olaso
Bigarren itzulirako kanpaina hasi da gaur

1:33

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Baik iragarri du ez duela inor sostengatuko inon, eta bozemaleei nahi dutena egiteko galdegin die, Frantziako departamendu hauteskundeen bigarren itzuliari begira. Bost kantonamendutan zentroeskuinaren eta FNren kontra eginen dute EH Baikoek, eta sozialistek sei hautesbarrutietan.

Nahiz eta Donibane Lohizuneko eta Bidaxuneko hautagi sozialistek EH Bairen aldeko boza eskatu, eta Marie Cristine Aragonek eskaintza bat egin, erantzuna ezezkoa izan da. Izan ere, boz truke bat baino zerbait baino gehiago nahi dutela esan du Iker Elizalde EH Bairen bozeramaileak.

EH Bairen arabera, sozialisten politika larria da, murrizketekin edo lurralde elkargoaren ukazioarekin, eta ezin dituzte edozein modura babestu.

Errobi Aturrin FNren kontra egiteari buruz erantzun dute muturreko eskuinaren kontra arma bakarra dutela: haien programa politikoa.

Atzoko emaitzak Euskal Herriaren onarpenerako urrats erabakigarria dela erran dute EH Baikoek.

Eskuina garaile, lehen itzulian

Eskuina nagusitu da Frantziako departamendu hauteskundeen lehendabiziko itzulian eta Pirinio Atlantikoetan ere eskuineko hautagaiak izan dira bozkatuenak. Bestalde, Marine Le Penen Fronte Nazionalak inoizko emaitzarik onenak lortu ditu, baina ez du lehen indarra izatea lortu.

Ipar Euskal Herrian departamendu hauteskundeen lehendabiziko itzulia egin dute igande honetan, eta parte-hartzeak gora egin du 2011ko datuekin alderatuta. Pirinio Atlantikoetan, parte-hartzea % 52,81koa izan da, 2011ko bozetan baino ia hiru puntu altuagoa (% 49,86). Bi itzulitara egingo dira (lehendabizikoa gaur, eta martxoaren 29an, bigarrena), Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako herritarrek kantonamenduetako ordezkariak aukeratuko dituzte.

Frantziako Gobernuaren azken lurralde erreformaren ondoren, Ipar Euskal Herriak 12 kantonamendu ditu (lehen 21 zituen), eta bakoitzak 20.000 biztanle inguru hartzen ditu, gutxi gorabehera: Hendaia, Donibane Lohizune, Miarritze, Angelu, Baiona 1, Baiona 2, Baiona 3, Uztaritze, Kanbo, Mugerre, Donapaleu eta Maule dira gaur egungo kantonamenduak.

Denera, bi itzulitan, 12 bikote (24 ordezkari) aukeratuko dituzte, eta horiek izango dira Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusian kantonamenduetako herritarrak ordezkatuko dituztenak.

Hauek izan dira emaitzak, kantonamenduz kantonamendu:

Hendaian, Kotte Ecenarrok eta Chantal Kehrig Cottenconek osatutako bikotea nagusitu da (PS, 2.281 boz), Marie-Josee Goya eta Jean-Baptiste Sallaberry bikotearen aurretik (Eskuineko independentistak, 1.422 boz).

Donibane Lohizunen, Isabelle Dubarbier-Gorostidi eta Philippe Juzan (UMP, 3.127 boz) bikotea izan da bozkatuena, eta bigarren tokia Peio Etcheverry-Ainchart eta Leire Larrasa (EH Bai, 1.626 boz) bikotearentzat izan da.

Biarritzen, bi hautagaitza bozkatuenak Maider Arosteguyk eta Max Brissonek osatutakoa (UDI-UMP, 2.579 boz) eta Ghislaine Hayek eta Guy Lafitek (PS-PRG, 2.185 boz) osatutakoa izan dira.

Angelun, Patrick Chasseriaud eta Nicole Darrasse bikoteak (Eskuineko independenteak, 3.157 boz) eskuratu ditu boto gehien, Sandrine Derville eta Guy Mondorge bikotearen aurretik (PS, 2.318 boz).

Baiona 1 kantonamenduan, lehendabiziko tokia Florence Laserre David eta Claude Olivek osatutako bikotearentzat izan da (MODEM-UMP, 3.972 boz) eta bigarrena, berriz, Mokrane Oukhemanou eta Sandra Pereira bikotearentzat (PS, 1.836 boz).

Baiona 2n, berriz, Christophe Martin eta Juliette Muller bikotea nagusitu da (PS, 1.693 boz), Françoise Brau-Boirie eta Christian Millet-Barberen aurretik (MODEM-UMP, 1.564 boz).

Baiona 3n, ostera, lehen bi postuak Christine Lauquek eta Yves Ugaldek osatutako bikotearentzat (UMP-UDI, 2.285 boz) eta Marie-Christine Aragonek eta Henri Etchetok osatutako bikoarentzat (PS, 2.244 boz) izan dira.

Uztaritzen, hauek izan dira bi hautagaitza bozkatuenak: Philippe Echeverria eta Benedicte Luberriaga (Eskuineko independenteak, 3.419 boz), eta Santiago Capendeguy eta Joana Urbistondo (EH Bai, 2.039 boz).

Kanbon, hautesleen babes handiena izan duen hautagaitza Vincent Bru eta Isabelle Pargaderena izan da (UDI, 3.456 boz), Frantxa Etcheverry-Cachau eta Beñat Inchauspe bikoari aurrea hartuta (UDI-UMP, 2.436 boz).

Mugerren, bi hautagaitza bozkatuenak hauek izan dira: Fabienne Ayensa eta Alain Iriart (SE-EH Bai, 3.685 boz) eta Dave Daguerre eta Anaïs Mendilahatxu (FN, 1.628 boz). Kantonamendu honetan, Marine Le Penen Fronte Nazionalaren eta EH Bairen arteko buruz burukoa izango da.

Donapaleun, Anne-Marie Bruthe eta Jean-Jacques Lasserre izan dira bozkatuenak (MODEM, 4.558 boz), Xabi Larralde eta Anita Lopeperi aurrea hartuta (EH Bai, 2.000 boz).

Maulen, Jean-Pierre Mirande eta Annick Trounday Idiart (Eskuineko independenteak, 3.331 boz) geratu dira lehen postuan, Leonie Aguergaray eta Antton Curutcharry bikoari aurrea hartuta (EH Bai, 2.625 boz).

Horiek igaroko dira hurrengo igandeko bigarren itzulira, eta bi hautagaitza horien artean aukeratu beharko dute hautesleek.

Hauteskunde hauetako berritasun nagusienetakoa hautagaiak bikoteka aurkeztu izana da; gizonezko batek eta emakume batek osatu dute bikotea, derrigorrez, parekidetasuna bermatzeko. Hautagaiak ez dira aurkeztu alderdi baten izenean, independenteak dira, baina kasu gehienetan lotura estua dute talde politiko jakin batzuekin.

Eskumenen eztabaida bete-betean dagoenean iritsiko dira departamendu hauteskundeak. Departamenduen egitura sakon aldatzeko asmoa du François Hollande Frantziako presidenteak, eta baita horien eskumenak ere. Ikusteko dago zer gertatuko den bigarren mailako errepide-sarea, garraio publikoa edota hezkuntza kudeatzeko eskumenekin, besteak beste.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ipar Euskal Herriko Hauteskundeak