Politika -

Departamendu hauteskundeak

Parte-hartzea % 44,42koa da 17:00etan Ipar Euskal Herrian

Lehenengo itzulia aurreko igandean egin zuten. Orduan izandako parte-hartzea baxuagoa izan zen (% 43,25koa), eta zentro-eskuina izan zen aukera bozkatuena 12 kantonamenduetatik 9tan.

Argazkia: EiTB
Argazkia: EiTB
Zentro eskuinaren eta ezkerraren arteko lehia estua Iparraldean

1:05

O.A. | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ipar Euskal Herriko departamendu-hauteskundeen bigarren itzulian, 17:00etan, parte-hartzea % 44,42koa zen Pirinio Atlantikoetan (Iparralde+Bearno), 2011ko bozetan baino ia puntu eta erdi altuagoa (% 43,03). Duela astebete, hauteskundeen lehen itzulia egin zuten eta, orduan, 17:00etan, parte-hartzea % 43,25ekoa izan zen.

12:00etarako, berriz, hautesleen % 13,84k bozkatu du. Duela astebete, hauteskundeen lehen itzulian parte-hartzea % 17,86koa izan zen 12:00etan. Aurreko hauteskunde-hitzorduarekin alderatuta, duela lau urte alegia, parte-hartzea txikiagoa izan da ordu horretan, izan ere, 2011an % 17,84koa izan zen.

Gauzak horrela, igande honetan, hilak 29, departamendu hauteskundeen bigarren itzulia izango da Iparraldean. Ipar Euskal Herriko boto-emaileek 24 ordezkari hautatu beharko dituzte -bi kantonamendu bakoitzeko-, eta horiek izango dira Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusian, Paun, Iparraldeko 12 kantonamenduetako herritarrak ordezkatuko dituztenak.

Hauteslekuek ateak zabaldu dituzte dagoeneko 08:00etan. Arratsaldean, 18:00etan etengo dituzte bozketak hautesleku gehienetan, baina hiri handietan, beste ordubete luzatu dute.

Hauteskunde hauetako berritasun nagusienetakoa hautagaiak bikoteka aurkeztu izana da; gizonezko batek eta emakume batek osatu dute bikotea, derrigorrez, parekidetasuna bermatzeko. Hautagaiak ez dira aurkeztu alderdi baten izenean, independenteak dira, baina kasu gehienetan lotura estua dute talde politiko jakin batzuekin. Beraz, emaitza dena delakoa dela, 12 emakumek eta 12 gizonezkok ordezkatuko dituzte Iparraldeko herritarrak Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusian.

Aipaturiko erakunde hori dagokio hainbat alorren kudeaketa, hala nola, gizarte zerbitzuak -adinekoen egoitzak-, langabeentzako laguntzak, bigarren mailako errepideak eta bigarren mailako hezkuntza. Eskumenen eztabaida bete-betean dagoenean egingo dira departamendu hauteskundeak. Departamenduen egitura sakon aldatzeko asmoa du François Hollande Frantziako presidenteak, eta baita horien eskumenak ere. Ikusteko dago zer gertatuko den bigarren mailako errepide-sarea, garraio publikoa edota hezkuntza kudeatzeko eskumenekin, besteak beste.

Aurreko igandean, departamendu hauteskundeen lehendabiziko itzulian, zentro eskuina izan zen aukera bozkatuena Iparraldeko 12 kantonamenduetatik 9tan, botoen % 33,85 eskuratuta. Bigarren tokian gelditu ziren, berriz, François Hollande presidente frantziarraren Alderdi Sozialista (% 19,54). EH Bai koalizio abertzaleak hirugarren indarra izatea lortu zuen eta bigarren itzulira igarotzea lortu zuen bost kantonamendutan. Abertzaleen atzetik, laugarren postuan, Marine Le Penen Fronte Nazionala (FN) sailkatu zen botoen % 13,25 lortuta. Fronte Nazionala Mugerren bakarrik lortu du bigarren itzulira pasatzea eta, gainera, Fronte Nazionalaren eta EH Bairen arteko buruz burukoa izango da.

Frantziako Gobernuaren azken lurralde erreformaren ondoren, Ipar Euskal Herriak 12 kantonamendu ditu (lehen 21 zituen), eta bakoitzak 20.000 biztanle inguru hartzen ditu, gutxi gorabehera: Hendaia, Donibane Lohizune, Miarritze, Angelu, Baiona 1, Baiona 2, Baiona 3, Uztaritze, Kanbo, Mugerre, Donapaleu eta Maule dira gaur egungo kantonamenduak.

Igandean boto-emaileek bi bikoteren artean aukeratu beharko dute.

Hendaian, Kotte Ecenarrok eta Chantal Kehrig Cottenconek osatutako bikotearen (PS) eta Marie-Josee Goya eta Jean-Baptiste Sallaberry bikoaren (Zentrista independentistak) arteko lehia izango da.

Donibane Lohizunen, Isabelle Dubarbier-Gorostidi eta Philippe Juzan (UMP-UDI-Modem) eta Peio Etcheverry-Ainchart eta Leire Larrasa (EH Bai) bizango dira aurrez aurre.

Biarritzen, boto-emaileek bi hautagaitza hauen artean hautatu beharko dute: Maider Arosteguy eta Max Brisson (UMP-UDI-Modem) edo Ghislaine Haye eta Guy Lafite (PS).

Angelun, Patrick Chasseriaud eta Nicole Darrasse (UMP-UDI-Modem) eta Sandrine Derville eta Guy Mondorge (PS) bikoak ariko dira nor baino nor gehiago.

Baiona 1 kantonamenduan, zentro-eskuina eta sozialistak lehiatuko dira: Florence Laserre David eta Claude Olive (UMP-UDI-Modem) eta Mokrane Oukhemanou eta Sandra Pereira (PS).

Baiona 2n, berriz, eskuinaren eta ezkerraren arteko borroka errepikatuko da. Alde batetik, Christophe Martin eta Juliette Muller (PS) eta, bestetik, Françoise Brau-Boirie eta Christian Millet-Barbe (UMP-UDI-Modem).

Baiona 3n ere, Baionako beste bi kantonamendutan bezala, ezkerra eta eskuina izango dira aurrez aurre: batetik, Christine Lauque eta Yves Ugalde (UMP-UDI-Modem) eta, bestetik, Marie-Christine Aragon eta Henri Etcheto (PS).

Uztaritzen, hauek izan dira bigarren itzulira igaro diren bi hautagaitzak: Philippe Echeverria eta Benedicte Luberriaga (UMP-UDI-Modem) eta Santiago Capendeguy eta Joana Urbistondo (EH Bai).

Kanbon, gertatzen dena gertatzen dela, aukeratutako bikotea zentro-eskuinekoa izango da; izan ere, bigarren itzulira igarotako bi hautagaitzak UDi alderdikoak dira: Vincent Bru eta Isabelle Pargade (UDI) eta Frantxa Etcheverry-Cachau eta Beñat Inchauspe (UDI-UMP).

Mugerren, abertzaleen eta eskuin muturraren arteko lehia izango da: Fabienne Ayensa eta Alain Iriart (EH Bai) eta Dave Daguerre eta Anaïs Mendilahatxu (FN).

Donapaleun, berriz, zentro-eskuinaren eta abertzaleen artean erabakiko da dena: Anne-Marie Bruthe eta Jean-Jacques Lasserre (UMP-UDI-Modem) eta Xabi Larralde eta Anita Lopepe (EH Bai).

Azkenik, Maulen, zentro-eskuinaren eta abertzaleen arteko borroka errepikatuko da. Kasu honetan, boto-emaileek Jean-Pierre Mirande eta Annick Trounday Idiart bikoaren (UMP-UDI-Modem) eta Leonie Aguergaray eta Antton Curutcharry bikoaren artean (EH Bai) aukeratu beharko dute.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ipar Euskal Herriko Hauteskundeak