Politika -
Krisia UPyDn
Dimisioa ematea ukatu du Diezek, karguari 'behar beste' eutsiko baitio
Toni Canto UPyDko diputatuak Diezen dimisioa eskatu du, eta afiliatuak "engainatu izana" leporatu dio. Andres Herzogek, berriz, alderdiaren buru izateko aurkeztu du bere burua.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Rosa Diez UPyDko liderraren iritzian, hark eta alderdiaren zuzendaritzak dimisioa aurkezteak "kalterik handiena" ekarriko luke. Gauzak horrela, karguari "behar beste" eutsiko diola iragarri du. Hala ere, barkamena eskatu du Andaluziako hauteskundeetan izandako emaitza txarren ostean, "beharrezkoa" zen kritika bere buruari egin ez diolako.
Batzorde Politikoan egindako hitzaldian Diezek alderdiaren independentzia defendatu du, eta alderdiaren buru izaten jarraituko duela azpimarratu du.
Hainbat kidek egindako kritikak errefusatu ditu, eta Ciudadanos alderditik datozela ondorioztatu du. Izan ere, Ciudadanosekin elkarrizketak berriro abiatzeko eskatu izan dute UPyDko zenbait kidek azken asteetan.
Diezek aldarrikatu duenez, UPyDk "ustelkeriaren bandera" altxatu du alderdi ustelek irabazi duten autonomia batean. "Erratu egin garela uste dut", esan du, "Danimarkarako alderdia sortu genuen, baina Espainian".
Cantok Diezen dimisioa eskatu du
Toni Canto UPyDko diputatuak onartu duenez, alderdiko zuzendaritza berritzeko asmoan porrot egin du, aldaketak atzeratzeko ebazpena aprobatu ostean (82 boza alde, 38 kontra, bi abstentzio eta bi boza baliogabe).
Ebazpen horri esker, alderdiak aldaketak egingo ditu baina maiatzeko hauteskundeak igaro ostean. Hainbat kide izan dira estrategia politikoaren aldaketa eskatu dutenak, tartean, Toni Canto, Irene Lozano eta Alvaro Anchuelo.
Halaber, zuzendaritza berritzeko ezohiko batzarra egingo dute udal- eta autonomia-hauteskundeak egin eta gero.
Cantok Rosa Diezen eta alderdiaren zuzendaritza osoaren dimisioa eskatu du batzordea hasi baino lehen, eta afiliatuak "engainatu izana" leporatu dio Diezi, Cantoren iritzian, Ciudadanosekin negoziazioa similatu duelako.
Datozen udal- eta autonomia-hauteskundeei begira, Ciudadanosekin akordio puntualak lotzeko beharra defendatu du Cantok. Hala ere, Albert Riveraren alderdiarekin ez duela bat egin egin argitu du.
Canto oso zorrotza agertu da UPyDren estrategiarekin eta jarrerarekin, eta "jainkoen ala gizakien politika" nahi duen galdetu dio zuzendaritzari.
Herzogek proposamena egin du
Bestalde, Andres Herzog alderdiaren bigarren arduradunak Cantoren akusazioak errefusatu ditu, eta Ciudadanosekin izandako elkarrizketak "fede onekin" egin zirela esan du.
"Bitxia da inoiz esan ez diren gauza horiek bat-batean entzutea", egotzi dio Herzogek Cantori. Halaber, alderdiaren buru izateko aurkeztu du bere burua.