Itxi

Politika

Maiatzaren 24ko bozak

2.230.737 pertsonak bozkatu ahalko dute maiatzeko hauteskundeetan

eitb.eus

1.726.560k EAEko bozetan egin ahalko dute, eta 504.177k Nafarroakoetan. Herritarrek apirilaren 27tik jakingo dute zer hautesleku eta mahai egokitu zaizkien.

  • Europako hauteskundeen irudi bat. EFE

    Europako hauteskundeen irudi bat. EFE

Orotara 2.230.737 pertsonak bozkatu ahalko dute maiatzaren 24an EAEko eta Nafarroako udal eta foru hauteskundeetan, Espainiako Estatistika Institutuak (INE) zehaztu duenez.

EAEn udaletako eta batzar nagusietako ordezkariak hautatuko dituzte. Bertan, 1.726.560 pertsonak izango dute boto eskubidea.

Hain zuzen ere, foru hauteskundeetan 1.719.758 hauteslek ahalko dute bozkatu. Udal hauteskundeetan, baina, zenbakia pixka bat handiagoa izango da, pertsona horiei EAEn bizi diren eta boto eskubidea duten 6.802 atzerritarrak gehitu behar zaizkielako.

Gogoratu beharra dago udal hauteskundeetan Europar Batasuneko eta Espainiarekin elkarrekikotasun itunak sinatu dituzten herrialdeetako biztanleek bozkatu dezaketela. Azken herrialde horiek hauek dira: Norvegia, Ekuador, Zeelanda Berria, Kolonbia, Txile, Peru, Paraguai, Islandia, Bolivia, Cabo Verde, Hego Korea eta Trinidad eta Tobago.

Nolanahi ere, herritar horiek ezingo dute hauteskunde autonomikoetan bozkatu. Era berean, atzerrian bizi diren euskal herritarrek ezingo dute udal hauteskundeetan parte hartu, baina bai, ordea, autonomikoetan.

Nafarroaren kasuan, 501.243 pertsonak bozkatu ahalko dute hauteskunde autonomikoetan. Horietatik, 23.110 atzerrian bizi dira.

Emigratzaileek apirilaren 25 arteko epea izango dute boto eskubidea gauzatzea eskatzeko. Aurten lehen aldiz, Internet bidez egin dezakete izapidea.

Bestalde, Nafarroako udal hauteskundeen hautesle kopurua 481.067 pertsonakoa izango da. Horietatik, 2.934 bertan bizi diren eta boto eskubidea duten atzerritarrak dira.

EPEAK

Hauteskunde errolda apirilaren 6tik 13ra izango da ikusgai udaletxeetan eta hauteskunde erroldaren lurralde bulegoetan.

Data horietan, atzerrian bizi diren euskal herritarrek kontsulatuetan kontsultatu ahalko dituzte euren datuak.

Erreklamazioak epe horren baitan aurkez daitezke udaletxeetan, kontsulatuetan eta hauteskunde erroldaren bulegoetan.

Apirilaren 27tik, azken erakunde hori txartelak banatzen hasiko da, herritarrek zer hautesleku eta mahai egokitu zaizkien jakin dezaten.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena