Politika -
Departamendu hauteskundeak
Laserre izendatu dute Pirinio Atlantikoetako Kontseiluko presidente
Zentroko hautagaiak zentro-eskuineko 31 kontseilariren babesa jaso du.
O.A. | EITB.EUS
Aurreko bi igandeetako departamendu hauteskundeen ondotik, gaur osatu dute Pirinio Atlantikoetako Kontseilu berria. Aipaturiko erakundeak Pauen du egoitza eta hurrengo sei urteetan gizarte zerbitzuak, errepide sarea eta bigarren mailako hezkuntza kudeatzeko ardura izango du. Gaurko saioan, Jean Jacques Lasserre zentroko hautagaia izendatu dute Kontseiluko presidente.
Bozketan 54 kontseilarietatik zentro-eskuineko 31 hautagaien babesa lortu du, 32. kontseilariak boto zuria eman du. Bestalde, Marie-Pierre Cabanne hautagai sozialistak hogei boto lortu ditu eta Alai Iriart EH Baiko hautagaiak, berriz, bi.
Honenbestez, Lasserre presidente kargura itzuliko da; izan ere, 2001 eta 2008 bitartean bete zuen kargua.
Lehendabiziko hitzaldietan jorratu dituzten gaien artean daude Abiadura Handiko Trena (AHT) eta euskal instituzioa.
Alain Iriartek adierazi du 2015a urte erabakiorra izango dela Euskal Herriko Elkargoari dagokionez, eta Paueko asanbleari eskatu dio "Euskal Herriarentzat eta Bearnorentzat garrantzitsua den ekimen hau sustengatzea".
Lasserrek erantzun dio ez duela auzi horretan monopolioa eta auzia gertutik jarraituko duela. "Oso lan zaila izango da eta denek elkarrekin egin beharko dugun bide bat da, izan ere, hautetsien erosotasuna bilatu behar dugu eta malgutasunez eta gardentasunez jokatu", gaineratu du.
Bestalde, Abiadura Handko Trenaren (AHT) kontra hitz egin du Iriartek eta Lasserrek gaineratu du sozialistek Bordele eta Tours arteko zatia diruz laguntzeko eman zituzten 35 milioi euroak berreskuratzen saiatuko dela.