Politika -

Auzitegi Nazionala

Gipuzkoako Aldundiak Askapeneko auzipetuak babestu ditu

Martin Garitano ahaldun nagusiak harrera egin die, "elkartasun internazionalista ezin delako kriminalizatu".

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak Aldundiaren babesa helarazi die ETArekin lotura dutelakoan epaituko dituzten Askapeneko bost kideei, "elkartasun internazionalista ezin dela kriminalizatu" iritzita.

Bildu buru duen Gipuzkoako Aldundiko ordezkari nagusiak eta Arantzazu Santos Nazioarteko Lankidetzako zuzendariak harrera egin die Foru Jauregian 2010ean atxilotu zituzten Askapeneko kideei. Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak 6na urteko kartzela-zigorra eskatzen du haien kontra, eta erakundea bera eta beste hiru elkarte legez kanpo uztea.

Garitanok azaldu duenez, Aldundian harrera eginda erakundearen elkartasuna "bermatu" nahi dute, "sufritu behar duten epaiketaren aurrean", eta "elkartasuna ez delako delitua".

Gero, prentsa-ohar batean azaldu du "Espainiako Estatuko errepresio aparailuaren enegarren erasoa salatu" nahi izan dutela, eta Euskal Herriak ez duela "ulertzen eta onartzen errepresioan, ilegalizazioan eta herritarren kartzelatzean oinarritutako dinamika baten pean jarraitzea".

"Elkartasuna gehien zabaltzen dutenen kontra egin dute: herrien duintasunaren alde borroka egiten dutenen kontra", kritikatu du Garitanok.

Apirilaren 25ean ekitaldia Zarautzen

Bestalde, Gabi Basañezek, Askapeneko auzipetuetako batek, iragarri du elkartasun ekitaldia egingo dutela apirilaren 25ean, Zarautzen (Gipuzkoa), eta EH Bilduren, ELAren, LABen eta dozenaka eragile sozialen babesa jaso dutela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Gaurko albisteak Gipuzkoa EH Bildu Nafarroa