Politika -

Krisia UPyD-n

Rosa Diez: 'Nire alderdikideek engainatu egin naute'

UPyDko buruak esan du Ignacio Prendes eta Carlos Aparicio alderdikide ohiek ez dutela garbi jokatu. Riverak berretsi du haien ideiekin bat egiten dutenek "ateak irekita" izango dituztela alderdian.

Rosa Diez UPyDko buruzagia. Artxiboko irudia: EFE
Rosa Diez UPyDko buruzagia. Artxiboko irudia: EFE
Rosa Diez UPyDko buruzagia. Artxiboko irudia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rosa Diez UPyDko buruak adierazi duenez, orain arte haren alderdikide izan direnek engainatu egin dute. Atzo, Ignacio Prendes Asturiaseko diputatu ohiak haren aulkiari uko egin zion alderditik kanporatua izan ostean. Carlos Aparicio Aragoiko hautagaiak, berriz, bere kabuz utzi du alderdia.

"Ignacio Prendesek eta Carlos Apariciok ez dute garbi jokatu" aldarrikatu du Diezek Onda Cero irrati kateari eskainitako elkarrizketan. Atzo, Facebookeko haren kontuan adierazi zuenez, alderdiko hainbat kargudun publiko -tartean, Carlos Prendes- "UPyD barrutik alderdiari kalte egiten" saiatzen ari dira, "alderdiaren siglen jabe egin eta (Albert) Riverari emateko".

Diezek azpimarratu du Prendesek "UPyD barrutik beste alderdi baten alde" lan egin duela eta horregatik kanporatu dutela.

UPyDko buruak nabarmendu du ez diola muzin egiten jendeak bera maitatzeari eta gaineratu du haren alderdia "erabat demokratikoa" dela eta erabakiak ez dituela berak bakarrik hartzen.

Haren esanetan, jendeak "berria aukeratzeko joera du", izan ere, herritarrak antzinako politikaz nekatuta daude. Dena den, konbentzituta dago talde sinesgarria duela eta haren alderdia Espainia osoan finkatuta dagoela. Gaineratu duenez, haren aurkezpen eskutitza UPyDk bere historian egindako lana da.

Rivera, zerrendetan sartzeko prest

Albert Rivera Ciudadanosen presidenteak ez dizkio ateak ixten UPyD uzten dutenak maiatzeko hauteskundeetarako zerrendetan sartzeari.

Riverak azaldu du oraindik Asturiasen zerrenda osatzeko dagoela eta ez dagoela "ezer itxita". "Gurekin egon zen jendearekin eta duela denbora bat UPyDn egon zirenekin hitz egiten ari gara", azaldu du Riverak.

Era berean, Ciudadanosen buruak berretsi du haien ideiekin bat egiten dutenek "ateak irekita" izango dituztela alderdian. "Berdin pentsatzen dugunok elkarrekin bukatuko dugu, eta hori ez du inork galaraziko", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
UPyD