Politika -

PPren hautagaien aurkezpena

Rajoy: 'Espainia ez dago amateurismoetarako'

Gobernuko presidenteak PPren hautagai autonomikoak defendatu ditu, "errealismoa eta eskarmentua dutelako, sortu-berri diren doktrina-proposamenen aurrean".

Rajoy, PPko hautagai autonomikoen aurkezpenean. Argazkia: EFE
Rajoy, PPko hautagai autonomikoen aurkezpenean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak alderdi politiko berrien aurka egin du gaur berriro ere, eta horien arriskuez ohartarazi du. "Susperraldiaren unea heldu da Espainian, eta orain herrialdeak badu norabidea", esan du Rajoy. Hori dela eta, "Espainia ez dago amateurismoetarako".

Gainera, PPren hautagaien esperientzia herritarrentzako bermea dela azpimarratu du.

PPren 15 hautagai autonomikoen aurkezpena itxi du eguerdi honetan Rajoyk. Presidentearen esanetan, Alderdi Popularreko kideek "hauteskunde-programa errealista dute, sortu-berri diren doktrina-proposamenen eta hedabide-burutapenen aurrean".

Rajoyren iritzian, PP lehen indarra izango da maiatzaren 24ko hauteskundeetan, "garai errazak ez badira ere, edo alderdiak laguntza gutxi izan arren". "Espero bezala aritu da beti PP, eta zailtasunak direnean bereziki, gai izaten da, eta datozen hauteskundeetan erakutsiko dugu", esan du.

Gobernuburuak batzuen "alderdikeria eta azalkeria" salatu du. "Demagogoen eta populisten atzean, PPri so dagoen milioi espainiar zintzo daude", gaineratu du, eta herritar horien boza bilatzera animatu du.

"Krisiaren okerrena jada gainditu" dugula azpimarratu du Rajoyk bere hitzaldian, eta susperraldiari eutsi diola. Zentzu horretan, Gobernuaren "ausardia eta determinazioa" defendatu ditu, eta Espainiak "norabidea zehaztu" duela esan du. "Gurutzaldi-abiadura hartu du Espainiak", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Rajoy albisteak