Politika -

Ezker abertzalea

Urkulluk autokritika 'garbia' egitea eskatu dio ezker abertzaleari

Irailean, eragindako minari buruzko adierazpen bat egingo dutela iragarri zutela gogorarazi du lehendakariak.

Autokritika eskaera egin dio Urkulluk ezker abertzaleari

00:55

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakaria ezker abertzaleari zuzendu zaio, eta eragindako minari buruzko adierazpen "garbia" egiteko deia egin dio.

Agintariak gogorarazi du ezker abertzaleak adierazpen hori egiteko konpromisoa hartu zuela irailean, Eusko Legebiltzarreko bake eta bizikidetza lantaldea "desataskatzeko". Horren ildotik, EAJk "lurreratzea errazteko" ekarpenak egin dizkiola aipatu du, RNE irrati katean egindako elkarrizketa batean.

Urkulluren esanetan, bake eta bizikidetza lantaldea "bizirik" dago, baina "lotan", une honetan EAJk eta EH Bilduk baino ez baitute parte hartzen bertan.

Hori horrela, PSEk eta PPk ere parte har dezaten, eragindako minari buruzko "adierazpen argia" egitea eskatu dio ezker abertzaleari.

Irailean, Eusko Legebiltzarreko Politika Orokorreko eztabaidan, "denak harrituta utziko dituen adierazpen bat" egingo dutela iragarri zuen Hasier Arraiz EH Bilduko legebiltzarkideak. "Haiei galdetu beharko zaie zergatik ez duten egin oraindik", nabarmendu du lehendakariak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Urkullu azken albisteak Eusko Jaurlaritza berriak ETA albisteak EH Bildu Araba