Politika -
Prietoren kontrako salaketa
Prietoren ikerketa 'albait arinen' bukatzea espero du Jaurlaritzak
Josu Erkoreka bozeramailearen hitzetan, auzia Alderdi Sozialistari dagokio eta "ez dio Eusko Jaurlaritzari inondik inora eragiten".
Agentziak | Erredakzioa
Txarli Prieto legebiltzarkide sozialistaren aurka aurkeztutako salaketaren inguruan EAEko Fiskaltza egiten ari den ikerketa "albait arinen" bukatzea espero du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak. Prieto Arabako sozialisten buru zenean, alderdiak egoitzen segurtasuna bermatzeko lanak bere enpresari eman ote zizkion ikertzen ari da Fiskaltza, era anonimoan iritsi zaion salaketa bat oinarri hartuta.
Auzi honen inguruan galdetu diote Erkorekari, gobernu bileraren ostean egin ohi duen prentsaurrekoan. Bozeramaileak nabarmendu duenez, gai hau Alderdi Sozialistari dagokio eta alderdi honek "egoera hauetan zelan jardun behar duen jakingo du; bere barne arauak izango ditu". Ministerioak emandako laguntzak Prietoren enpresa kontratatzeko erabili omen zirela eta, Erkorekak azpimarratu du Jaurlaritzak ez dituela tankerako laguntzak eman.
Ingurumaria honetan, Fiskaltza egiten ari den ikerketarekiko "erabateko errespetua" agertu du Jaurlaritzaren bozeramaileak, eta espero du "albait arinen" bukatzea. "Gehiegi luzatzen bada, deserosoa izan daiteke kaltedunentzat", argudiatu du.
Erkorekak nabarmendu duenez, "Fiskaltzak egindako ikerketa honetan ez dago ezer, zuzenean edo zeharka, Eusko Jaurlaritzari eragin diezaiokeenik". Izan ere, azaldu duenez, alderdi politikoen segurtasuna bermatzeko Jaurlaritzak emandako laguntzen artean "ez zegoen egoitzen segurtasuna handitzeko lanak finantzatzekorik".