Politika -

Estradizioa

Sabin Mendizabal Espainiaren esku uztea erabaki du Paueko Auzitegiak

Mendizabalen defentsak epaiaren aurkako helegitea jarri du eta, ondorioz, Auzitegi Gorenean aztertuko dute auzia. Bitartean Paueko espetxean izango da preso.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Paueko Apelazio Auzitegiak Sabin Mendizabal Espainiaren esku uzteko Auzitegi Nazionalak egindako euro-aginduak onartu ditu. 2009an egin zuen ihes eta joan den martxoan atxilotu zuten Ipar Euskal Herrian.

EFE albiste-agentziak iturri judizialak aipatuta zabaldu duenez, Mendizabal atxilotzeko Espainiak egindako bi aginduak begi onez ikusi ditu Paueko Auzitegiak. Lehendabiziko aginduaren arabera, lau urte eta erdiko espetxe-zigorra betetzeko dauka; bigarren kasuan, berriz, 'kale borroka' ekintzak leporatzen dizkiote.

Nolanahi ere, Mendizabalen defentsak helegitea jarri du eta, ondorioz, auzia Auzitegi Gorenean aztertuko dute datozen asteetan. Bitartean, Paueko kartzelan egongo da preso.

Bestalde, Paueko epaileek datorren asteartean jakinaraziko dute Mendizabalek aske uzteko egindako eskaeraren inguruko erabakia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea