Politika -
Istiluen aurkako materiala
Gomazko pilotak debekatzeko eskatu diote Eusko Legebiltzarrari
Ertzaintzari material hau erabiltzea debekatzeko bihar ganberan eztabaidatzekoa den proposamena babesteko eskatu dute, besteak beste, Iñigo Cabacas, Rosa Zarra edo Xuban Nafarreteren senitartekoek.
Agentziak | Erredakzioa
Gomazko pilotakadek hil edo zauritutako lagunen senitartekoek istiluen kontrako material hau "behin betiko debekatzeko" eskaera egin diote gaur Eusko Legebiltzarrari.
Ertzaintzari material hau erabiltzea debekatzea proposatzen duen EH Bilduren ez legezko proposamena eztabaidatu behar du ganberak bihar osoko bilkuran eta horren alde egiteko deia egin diete legebiltzarkideei, besteak beste Iñigo Cabacas gaztearen gurasoek. Hain justu, biharko eztabaida jarraitzen izango dira Manu Cabacas eta Fina Liceranzu. Koalizio abertzalearen proposamenari emendakinak aurkeztu dizkiote EAJk, PSEk eta UPyDk, baina azken biek baino ez dute beste material bategatik ordezkatzea.
Gaurko agerraldian Iñigo Cabacasen gurasoak, Rosa Zarraren alarguna, Xuban Nafarrateren aita eta Mikel Quintela izan dira. Cabacas duela hiru urte zendu zen Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz. Zarra, berriz, 1995eko ekainean zendu zen Donostian, gomazko pilota batez zauritu eta zortzi egunera. Nafarrate 2012an zauritu zen Gasteizen, Arabako Lurralde Auzitegiak erorikoa izan eta gero zauritu zela ebatzi bazuen ere. Quintelak begi bat galdu zuen 1995ean pilotakada baten ondorioz, salaketa jarri ez zuen arren.
"Errusiar erruleta"
Denei "hainbesteko mina eta sufrimendua eragin dien gomazko pilotak behin betiko debekatzeko" eskaera egin dute lagunok. "Debekatzen ez badute, behintzat erretira dezatela material hori", erantsi dute.
Gomazko pilotek "heriotza ekar dezaketela" agerian geratu da gaur agerraldia egin duten lagunen ustean, eta beraz, Iñigo Cabacasen heriotzaren tankerakorik berriz gertatu ez dadin beharrezkoa da materiala debekatzea edo "aparteko egoeretan bakarrik baimentzea"
Piloten erabilera mugatzea ez litzateke "nahikoa" izango, euren hitzetan. Horretaz gain, materiala bera "debekatu" eta kendu egin behar zaie. "Arduragabekeria litzateke material horren erabilerak dakarren erruleta errusiarrarekin jarraitzea", gaineratu du.
Horregatik, gomazko piloten erabilera debekatzeko eskatu diote Eusko Legebiltzarrari, bizi izan duten "tragedia onartze aldera" eta jasandako kaltea konpontzeko xedearekin.
Cabacasen aita Legebiltzarrean izango da bihar, eztabaida gertutik jarraitzeko. "Gobernu eta parlamentu ergelen ezaugarria da akatsa zuzentzeko hildako batzuk behar izatea", adierazi du.