Politika -

Estatus juridiko politikoa

EH Bildu, legegintzaldi honetan kontsulta bat antolatzearen alde

Arraizek legebiltzarrean "akordio demokratikoa" egitea proposatu du, eta helburua hau izatea: "Euskal gizartea izatea Araba, Bizkai eta Gipuzkoako etorkizun politikoaren jabe".

Hasier Arraiz Sorturen presidente eta EH Bilduren legebiltzarkidea. Argazkia: EiTB
Hasier Arraiz Sorturen presidente eta EH Bilduren legebiltzarkidea.
Hasier Arraiz Sorturen presidente eta EH Bilduren legebiltzarkidea. Argazkia: EiTB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hasier Arraiz Sorturen presidente eta EH Bilduren legebiltzarkideak mozio bat aurkeztu du Legebiltzarrean. Bertan, Iñigo Urkullu buru duen Jaurlaritzari legegintzaldi honetan EAEren estatus juridiko politikoaz herri kontsulta bat antolatzea eskatzen zaio.

Ekimen horren bidez, Arraizek proposatzen du kontsultaren oinarria Legebiltzarreko alderdien arteko "akordio demokratikoa" izatea, helburu honekin: "Euskal gizartea izatea Araba, Bizkai eta Gipuzkoako etorkizun politikoaren jabe".

Koalizio abertzaleko buruzagiak aurreko astean lehendakariari Legebiltzarrean egin zion eskaerarekin dago lotuta gaur sartutako mozioa. Gainera, behin Urkulluren iritzia entzunda, "Legebiltzar osoaren jarrera jaso beharra" dagoela esan du Arraizek.

Aurreko ostiralean Arraizek Ibarretxe Plana aldarrikatu zuen subiranotasun prozesua hasteko "abiapuntu" gisa, eta EAJri proposamen hura martxan jartzeko deia egin zion.

Horren aurrean, lehendakariak erantzun zion "ibilbide orria" jarrita dagoela Autogobernu Lantaldean, erakundeko alderdi guztiek bertan parte hartzen baitute, eta proposamena bertan aurkezteko deia egin zion.

Horren harira, lehendakariak berretsi zuen lantalde horretan "herrialdeko sentsibilitate politiko guztiak barne hartuko dituen akordioa" lortu beharra dagoela, eta Estatuarekin "itunduta" herritarrei kontsulta egin.

Aipatu lantaldea agerraldien fasean dago oraindik; beraz, ez dira ondorioak idazten hasi ere egin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Urkullu biografia Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra albisteak EAE EH Bildu Araba