Politika -
Diputatuen Kongresua
Amnistia fiskalaren zerrenda argitaratzea eragotzi du PPk
Oposizioko talde guztiek, CiUk izan ezik, PSOEren ekimenari babesa eman diote; izan ere, iruzurgileen zerrenda argitaratzea eskatzen zuen mozioaren puntuan abstenitu da CiU.
Agentziak | Erredakzioa
Rodrigo Ratoren auzia jakitera eman eta gero, Cristobal Montoro Ogasun ministroa gaitzestea eta 2012ko amnistia fiskalaren zerrenda argitaratzea eragotzi du gaur PPk Diputatuen Kongresuan. PSOEren mozioa atzera bota dute Alderdi Popularreko diputatuek bakarka.
Oposizioko talde guztiek, CiUk izan ezik, PSOEren ekimenari babesa eman diote. Iruzurgileen zerrenda argitaratzea eskatzen zuen mozioaren puntuan abstenitzea erabaki du CiUk. Montoro gaitzestea, ostera, babestu du CiUk.
Zerrenda argitaratzea eskatu du Pedro Azpiazu EAJko diputatuak, ustelkeria guztia “errotik garbitzeko”. Legediak horretarako betarik ematen ez baldin badu, araudia aldatzea eskatu du jeltzaleak, herritarrek iruzurra nortzuk egiten ari diren ezagutzeko.
Montoro gaitzestea defendatu dute sozialistek, Zerga Administrazioko Estatu Agentzia Auzitegi Nazionalean PPren legez kanpoko finantziazioaren eta PPko buruzagi ohiek, horien artean Rodrigo Rato Gobernuko presidente ohiak, aprobetxatu zuten amnistia fiskalaren ikerketak “oztopatzeko” erabili dituelako.
Soraya Saenz de Santamaria presidenteordea eta bost ministro bozketan izan dira, mozioaren protagonista, Ogasun ministroa, aldiz, ez da Kongresuan egon.
PP: “Zuena zinismo hutsa da”
Ministroa gaitzestea babestu duten talde guztien kritikak entzun eta gero, Antonio Gallego PPko bozeramaileak PSOEren aurka egin du. Gallegoren ahotan, aurkeztutako mozioa “ezjakintasunez, maltzurkeriaz eta hauteskunde interesaz” lepo dago. Ekimen “traketsa” eta “esloganen bilduma” bat dela adierazi du.
Sozialistek Gobernuari “lezioak” ematerik ez dutela adierazi du berriro PPko ordezkariak. Andaluziako lan-erregulazio txosten irregularren auzian “inputaturiko” hiru diputatu Kongresuko hiru eserlekuetan mantentzen dituztela gogorarazi die, Manuel Chaves, Gaspar Zarrias eta Antonio Vierari erreferentzia eginez.
“Zuenak ez du izenik, zinismo hutsa da, norbaitek delitu bat egin duelako ministroa bat gaitzestea eskatzera zatozte”, salatu du Gallegok.
Iruzurgileen datuak “kristonak” direla dio Zerga Administrazioko Estatu Agentziak
Santiago Menendez Zerga Administrazioko Estatu Agentziaren (AEAT) zuzendariak ziurtatu duenez, iruzurgileen eta berankorren datuak “kristonak” dira, baina legeak sekretua inposatzen duela gogorarazi du. Zentzu horretan, 2012ko amnistia fiskala aprobetxatu zutenen izenak babestuta daudela erantsi du. Horregatik, horien berri ematea errefusatu du Menendezek.
Kongresuko Ogasun Batzordean agerraldia egin du AEATko zuzendariak. “Agentziako datu guztiak” eskura dituela onartu du Menendezek Batzordean. Informazio kopurua garrantzitsua dela azaldu du, baina “legea betetzera beharturik” dagoela gaineratu du. Horregatik, informazioa argitaratzerik ez duela esan du.
Telefonicako aholku kontseiluak utzi ditu Ratok
Bestalde, Latinoamerikarako eta Espainiarako aholku kontseiluak “aldi baterako” uzten dituela jakinarazi dio astearte honetan Rodrigo Rato Gobernuko presidenteorde ohiak Telefonicari.
Telefonica Latinoamerika eta Telefonica Europako kontseilari aholkulari izendatu zuen Izendapenen Batzordeak 2013ko urtarrilean. Urteko soldata 200.000 eurokoa zen lanpostuetan.