Politika -

Torturaren aurkako Batzordea

NBEk torturari buruzko datu zehatzik ez ematea leporatu dio Espainiari

Tortura ekintzen, krimen horien ikerketen, zigortutako pertsonen eta biktimek jasotako kalte-ordainen inguruan Espainiako Gobernuak ez diela inolako datu zehatzik eman kritikatu dute.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nazio Batuen Torturaren kontrako Batzordeak gogor jo du Espainiako Gobernuaren kontra, ez diolako tortura ekintzen, krimen horien ikerketen, zigortutako pertsonen eta biktimek jasotako kalte-ordainen inguruan inolako datu zehatzik eman, nahiz eta behin baino gehiagotan eskatu.

Espainiako Estatua Torturaren aurkako Hitzarmena betetzen ari ote den ari da aztertzen atzo eta gaur batzordea.

Atzoko saioan, kontalari guztiek eskatu zioten Espainiaren ordezkaritzari, Ana Maria Mendez Perez Espainiak NBEn duen enbaxadoreari, torturarekin lotutako krimenen datu zehatzak emateko.

"Baina gaurko ordu eta erdiko bileran hitza hartu dutenek ez dute tortura delituei buruzko daturik eman", kritikatu du Abdoulaye Gaye kontalariak.

"Estatistika datuek Espainiako benetako egoera zein den ulertzen lagunduko ligukete", gaineratu du Claudio Grossmanek, batzordearen presidente eta kontalariak.

Era berean, Jens Modvigek salatu du ez dutela erantzunik jaso azken lau urteetan izandako 300 tortura salaketekin zer gertatu den galdetu dutenean; izan ere, salaketak ikertu ote dituzten, zenbat pertsona zigortu dituzten eta zenbatek jaso duten kalte-ordaina argitu nahi zuten.

Grossmanek, bestalde, gogorarazi du tortura delituen preskripzioa 10 urtetik 15era luzatzeko erreforma abian dagoela, baina hau esan du horren aurrean: "Batzorde honen irizpidea da tortura nazioarteko krimen larrienetako bat da, ezin da preskribatu".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea