Politika -

EUSKO LEGEBILTZARREAN

Gehiengoa galdeketa deitzearen alde, baina datarik ez

EH Bilduk legealdi honetan bertan kontsulta egitea proposatu du, baina ekimen horretan ez dira bat etorri ezker abertzalea eta EAJ.

Hasier Arraiz, EH Bildu. EiTB.
Hasier Arraiz, EH Bildu. EiTB.
Gehiengoa galdeketaren alde dago, baina ez dute datarik zehaztu

1:46

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erabakitzeko eskubidea eta herri galdeketa izan dira gaur eztabaidagai, besteak beste, Eusko Legebiltzarrean. Gehiengoak, EAJk eta EH Bilduk, erabakitzeko eskubidea babestu du, baina datarik jarri gabe. EH Bilduk legealdi honetan bertan kontsulta egitea proposatu du, baina ekimen horretan ez dira adostasun batera iritsi.

Eskari zuzena egin dio Hasier Arraiz EH Bilduko legebiltzarkideak Iñigo Urkulluren Gobernuari: 2016an erabakitzeko eskubideari buruzko galdeketa deitzea proposatu dio. Oposizio osoak ekimenaren kontra bozkatu du. EAJk osoko zuzenketa bat aurkeztu dio ekimenari; hiru puntu zituen zuzenketak, eta horietako bi aurrera atera dituzte, EH Bilduren botoekin.

Gasteizko ganberak subjektu politiko izaera aitortu dio Euskal Herriari. Legebiltzarreko gehiengoaren esanetan, euskal herritarrek beren etorkizuna erabakitzeko, etorkizunaz galdetuak izateko eta beren borondatea errespetatua izateko eskubidea dute.

Halaber, gatazkak konpontzeko bidea elkarrizketa, negoziazioa eta indar politikoen arteko adostasun zabalak lortzea direla aldarrikatu du Legebiltzarrak. Aukera horiek posible izan ezean, gehiengoak modu librean eta demokratikoan adierazitako borondatea errespetatzea eskatu du Gasteizko ganberak.

Eztabaidako hainbat unetan argi hitz egiteko eskatu dio Hasier Arraiz EH Bilduko legebiltzarkideak EAJri eta adierazi dezala 2016an galdeketa bat egiteko lan egingo duen ala ez. "2015ean galdeketa bat egitea hitzeman zuen EAJk. Urkulluk ez du bere hauteskunde programa beteko. Gure galdera argia eta laburra da: "2016an galdeketarik izango al da?". Ildo horretan, EH Bilduk horrela izatea nahiko lukeela gaineratu du.

Joseba Egibar EAJk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak Arraizi erantzun dio galdeketa bat egin aurretik adostasuna lortzea beharrezkoa dela eta 2008ko ekainean Galdeketa Legea bozkatu zenean ezker abertzaleak aldeko boto bakarra eman zuela. "Zer presa dute orain?" galdegin du Egibarrek eta "zintzotasuna eta leialtasuna" izateko eskatu dio EH BIlduri. Halaber, jarraitu beharreko bideak negoziazioan eta akordioan oinarrituta egon behar duela nabarmendu du eta ez "betoetan".

Koalizioaren eredua baztertu ostean, sozialisten helburua Espainiaren eta Europaren barruan hobeto bizitzeko autogobernuan sakontzea dela azpimarratu du Jose Antonio Pastor PSE-Eko legebiltzarkideak.

"Beti matraka bera", esan du Borja Semper PPko legebiltzarkideak eta azpimarratu du "bide-orri" bakarra legeak markatutakoa dela.

Ildo berean mintzatu da Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkidea ere, izan ere, adierazi du espainiar guztiei dagokiela Estatu ereduari buruz erabakitzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea