Politika -
Filtrazioak
Mezularia 'ez hiltzeko' eskatu diote kazetariek Catalari
Ikerketa judizialetako filtrazioen argitalpena zigortzea errefusatu dute kazetariek eta komunikabideek. Bere adierazpenak berriz zehaztu ditu Justizia ministroak ostegun honetan.
Agentziak | Erredakzioa
Martxan diren ikerketa judizialetako filtrazioen argitalpena zigortzea errefusatu dute kazetariek eta komunikabideek. Rafael Catala Justizia ministroak gogoeta egin zuen asteazkenean eta gaur adierazpenak zehaztu ditu. Mezularia “hil” beharrean, filtratzailea jazarri behar dela adierazi dute komunikabideek aho batez.
Errugabetasuna eta “konfidentzialtasuna” babesteko helburuarekin eztabaida zabaltzea beharrezkoa zela defendatu zuen Justizia ministroak asteazkenean. Gutxi geroago, bere planteamenduak “komunikabideak zigortzearekin zerikusirik ez” duela zehaztu zuen Catalak.
Gaur adierazpenak berriro zehaztu ditu ministroak. Catalak ziurtatu duenez, “komunikabideak zigortzeko proposamenik ez du” Gobernuak.
Maiatzaren 3an Prentsa Askatasunaren Eguna ospatzeko bezperan egin ditu adierazpenak Catalak. Hitzek polemika sortu dute eta sektore asko aurka agertu dira.
Zentsura
“Mezularia hil” nahi izana egotzi diote kazetariek eta komunikabideek ministroari. Zigorra informazioa ezkutuan jakinarazten duen pertsonari edo erakundeari ezarri behar zaiola uste dute.
Catalaren “gogoeta” hizpide izan dute Espainiako egunkari nagusiek. Iritzi artikuluetan ministroak “zentsura” berriro indarrean jarri nahi duela salatu dute egunkariek.