Politika -

Auzitegi nazionala

Segiko kideak izan direnik ukatu dute auzipetuek

Auzitegi Nazionalaren aurrean elkarretaratzea egin dute gaur goizean, saioa hasi aurretik, 'Epaiketa politikorik ez' lelopeko pankarta baten atzean, Amaiurreko diputatuekin batera.

Hamar akusatuek ukatu egin dute Segikoak izatea

1:03

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Segiko kide izateagatik auzipetutako gazteek ukatu egin dute gaur, Auzitegi Nazionalean, talde horretako kideak izan zirenik, edota kale borrokako ekintzetan parte hartu zutenik. Epaileari esan diotenez, gazte asanbladetako kideak besterik ez ziren izan.

Hamar gazte horien aurkako epaiketa gaur hasi da, Madrilgo Auzitegi Nazionalean. Fiskalak hamar urteko espetxe zigorra eskatu du gazte bakoitzarentzat,talde terroristako kideak direlakoan.

Hamar auzipetuetatik hiru espetxean daude. Gainerakoak kamixeta laranjekin sartu dira aretora, 'Libre, Elkartasunetik Konpromisora' leloarekin. Epaileak kamixetak kentzeko edo buelta emateko agin die, baina bik uko egin diote agindua betetzeari, eta epaileak aretotik bota ditu.

Saio hasi baino lehen, epaiketa "politikotzat" jo dute Sabino Cuadra Amaiurreko diputatuak eta ustez Segikoak izateagatik epaituko dituzten hamar auzipetuek.

Auzitegi Nazionalaren aurrean elkarretaratzea egin dute gaur goizean, saioa hasi aurretik, 'Epaiketa politikorik ez' lelopeko pankarta baten atzean. "Auzitegi Nazionala itxi egin behar da" oihukatu dute protestan zehar.

Sabino Cuadra diputatuak elkartasun “osoa” adierazi die auzipetuei, eta gaurkoa “epaiketa politiko bat” dela berretsi du. "Egin duten gauza bakarra euskararen alde, gure kulturaren alde, gazteen eskubideen alde eta Euskal Herri aske eta sozialista baten alde lan egitea izan da”, adierazi du.

Cuadraren iritziz, “irizpide politikoak” jarraituz hartzen ditu erabakiak Auzitegi Nazionalak. “Francoren ordena publikorako auzitegiaren ondorengoa da”, adierazi du.

Horrez gain, PPren Gobernuaren “errepresio-politika” ere salatu du. “Bake prozesuaren eta normalizazio demokratikoaren alde aurrerapausoak eman beharrean, horren aurka egiten du, oztopoak jarriz”. “Gu ere epaituta sentitzen gara epaiketa honetan”, erantsi du.

Bestalde, Oihan Ataun Rojo auzipetuak gogoratu du orain zazpi urte atxilotu zituztela eta, “hainbat egunez inkomunikatuta” egon ondoren, “torturak” pairatu zituztela esan du. “Behingoz jazarpena eta epaiketa politikoak amaitzea exijitzen dugu”, amaitu du.

Iker Araguas Jusei akusatuak esan du gazte asanblada batean parte hartu zuela "gazteen arazoez eta jaiez hitz egiteko", eta ANVren aldeko kartelak banatu zituela 2007ko hauteskunde kanpainan, alderdia legala zenean.

Ibai Azkona Dominguezek, berriz, jaietako batzordeko kide zela esan du, eta poliziak atxilotu zuenean "kale borrokarekin itsututa" zeudela salatu du. Bestalde, Mikel Marinek ukatu egin du kolektiboren batean parte hartzen ari zenik.

Diego Javier Octavio Matinikorenak gogorarazi du Segiko kide izateko eskaintzari uko egin ziola, eta Iñaki Marin Marcerok azaldu du ez zekiela etxean ETAren bi aldizkari zituela.

Epaiketak aurrera jarraituko du bihar gainerako auzipetuen deklarazioarekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea