Politika -
Iheslaria
Hilario Arbizu San Roman atxilotu dute Mexikon
Mexikon urteak eman ditu Arbizuk. Auzitegi Nazionalak atxilotzeko nazioarteko agindua eman du. Atxiloketa Aguascalientesen egin dute.
Agentziak | Erredakzioa
64 urteko Hilario Arbizu San Roman atxilotu du gaur Mexikoko Poliziak Espainiako segurtasun indarren informazioarekin, terrorismoaren aurkako iturriek jakitera eman dutenez.
Mexikon urteak eman ditu Arbizuk. Santiago Pedraz epaileak zuzendutako Auzitegi Nazionaleko Instrukzio 1 Epaitegi Zentralak atxilotzeko nazioarteko agindua eman du, iturri berdinek zehaztu dutenez.
Atxiloketa Aguascalienteseko eskualdean egin dute. Guardia Zibila, Mexikoko Polizia Federala eta Errepublikako Prokuradoretza Nagusia elkarlanean aritu dira.
Arbizu Olatzagutian (Nafarroa) jaio zen 1950ko urriaren 22an. 1980ko otsailean, Ispasterren (Bizkaia) ETAk sei guardia zibil akabatu zituen eta erasoan parte hartzea inputatzen diote Arbizuri. Guardia zibilak tirokatu zituzten kargamentu astun bati eskolta ematen ari zirenean.
Bestalde, ETAk Sebastian Arroyo Gonzalez guardia zibil erretiratua 1980ko urtarrilaren 9an hil zuen, Altsasun (Nafarroa). Hilketa horrekin ere zerikusia izan dezakeela uste dute.