Politika -
Asier Aranbarri
Azkoitiko alkate ohia (EAJ) inputatuta, lursail batzuen salmentagatik
Azpeitiko Auzitegian abiatutako diligentzien arabera, leporatutako ekintzetan iruzurra, diru publikoa bidegabe erabiltzea eta dokumentuak faltsutzea egon liteke.
agentziak | erredakzioa
Asier Aranbarri Urzelai Azkoitiko alkate ohia deklaratzera deitu dute Azpeitiako Auzitegian, ekainaren 10ean, lurraldearen antolaketaren eta ingurugiroaren kontrako ustezko delitu batengatik inputatuta.
EAEko Kontu Publikoen Auzitegiak Azkoitia Lantzen udal elkartearen jokabidean atzemandako irregulartasun batzuen harira hasi zen prozesua. Txosten horren arabera, "lurzorua saldu zen 10 milioi euroren truke, administrazioaren espedienterik gabe eta operazioa justifikatuko lukeen txostenik gabe; eta prezioa justifikatuko lukeen baloraziorik ere ez dago". Txalon Errekako 6,6 milioi euroko eta 3,4 milioi euroko bi lur-sailen salmenta da ikertzen ari direna.
Bestalde, Kontuen Auzitegiak beste merkataritza elkarte batekin egindako kontratua ere aipatzen du; izan ere, "beste lur-sail bat erosteko eskubidea aitortu zitzaion 4 milioi euroren truke, balorazio txostenik gabe".
Aranbarrik, gaur egun Jaurlaritzaren aholkulari denak, Azkoitia Lantzen S.A. enpresaren arduradun gisa deklaratuko du. Aipatu enpresak dagoeneko eman omen du Auzitegiak eskatutako dokumentazio guztia.
Azpeitiko Auzitegian abiatutako diligentzien arabera, leporatutako ekintzetan iruzurra, diru publikoa bidegabe erabiltzea eta dokumentuak faltsutzea egon liteke.