Politika -

Auzitegi Konstituzionala

Konstituzionalak atzera bota du Nafarroaren estrari buruzko helegitea

Ukatu egin du 2012ko abenduko aparteko soldata kentzeko dekretuak erkidegoen erregimenari kalte egiten dionik, erregimen hori “konstituzionala” delako.

Auzitegi Konstituzionala. Argazkia: Efe
Auzitegi Konstituzionala.
Auzitegi Konstituzionala. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Konstituzionalak atzera bota du, aho batez, Nafarroako Parlamentuak funtzionarioei 2012ko abenduko aparteko soldata kentzeko dekretuaren kontra jarri zuen inkonstituzionaltasun helegitea.

Nafarroako Parlamentuak 2012ko irailaren 27an onartu zuen, PSNren, NaBairen, Bilduren eta Ezkerraren aldeko botoekin, Auzitegi Konstituzionalera jotzea aparteko soldata kendu izanaren kontra, erabaki horrek foru arauak "urratzen" zituela iritzita. UPN abstenitu egin zen, eta PP kontra agertu zen.

Konstituzionalaren arabera, Espainiako Gobernuak behar zen moduan azaldu zuen legea erabiliko zuela "behin behinean eta premiaz", eta neurrien eta helburuen artean nahikoa lotura dagoela uste du.

Era berean, auzitegiak errefusatu egiten du Nafarroako Parlamentuak salatutako baldintza desberdintasuna.

Ukatu egin du baita ere 2012ko abenduko aparteko soldata kentzeko dekretuak erkidegoen erregimenari kalte egiten dionik, erregimen hori "konstituzionala" delako.

Ebazpenean agertzen denez, Estatua da gastuak murrizteko neurriak ezartzeko eskumena duena, Konstituzioak aitortzen diolako 149. eta 156. artikuluetan, beraz, dekretuak ez die erkidegoei kalte egiten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroako albisteak