Politika -
EUSKO JAURLARITZA
Ertzaintzaren azken LEPa 'errekurritzeko keinua' egin du Rajoyk
Segurtasun sailburuak jakitera eman duenez, Ogasun Ministerioak errekerimendu bat igorri dio Jaurlaritzari, Ertzaintzaren 25. promozioaren deialdia ezarrita dagoen ordezpen-tasara egokitzeko eskatuz.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Espainiako Gobernuak Ertzaintzaren 25. promozioaren lan-eskaintzari errekurtsoa jartzeko keinua egin duela salatu du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak. Aurtengo hauteskunde orokorretan enplegu publikorako jasota dagoen tasara egokitzeko eskatu dio Mariano Rajoyren Gobernuak Lakuari.
Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak jakitera eman duenez, Ogasun eta Administrazio Publikoen ministerioak errekerimendu bat igorri dio Jaurlaritzari, 25. promozioaren lan eskaintza publikoak aurrekontuetan ezarrita dagoen ordezpen-tasara egokitzeko eskatuz. Espainiako Gobernuak administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri aurreko urratsa dela uste du Beltran de Herediak.
Iaz, Ertzaintzaren aurreko lan eskaintzari jarri zion helegitea Espainiako exekutiboak; ordezpen-tasa % 10 gainditzen zuela argudiatuta, Ogasun ministerioak LEPa errekurritu zuen. Azkenean, EAJk eta PPk akordio bat itxi zuten eta helegitea erretiratu egin zuen Espainiak. Ondoren, iazko azaroan, Ministroen Kontseiluak lege dekretu bat onartu zuen, Ertzaintzako plaza hutsen % 100 berriro deitzea baimentzen zuena.
Orain, 25. Promoziorako lan-eskaintza egokitzeko eskaria bidalita, Beltran de Herediak uste du Segurtasun Batzordearen akordioa "urratzen" duela Espainiak; 2004an onartutakoaren arabera, 8.000 ertzain lanpostu jaso ditzake Jaurlaritzak.