Politika -

Justizia

Itxi egin dute Gipuzkoako klausula sozialen kontrako prozesu judiziala

Estatuaren Abokatutzak aurkeztu zuen helegitea Carlos Urquijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariaren ekimenez.

Carlos Urquijo. Artxiboko irudia: EFE
Carlos Urquijo. Artxiboko irudia: EFE
Carlos Urquijo. Artxiboko irudia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko Auzitegi Nagusiak itxi egin du klausula sozialei buruzko Gipuzkoako foru arauaren kontra hasitako prozesu judiziala, Gipuzkoako Foru Aldundiak ohar bidez jakinarazi duenez.

Foru erakundeak azaldu du erosketa publikoen esleipenetan irizpide sozialak txertatzen dituen foru arauaren kontrako helegitea aurkeztu zuela Estatu Abokatutzak, Carlos Urquijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariaren ekimenez. Dena den, helegitea epez kanpo aurkeztu zuen, eta prozesua itxi egin du Auzitegi Nagusiak.

Diputazioaren hitzetan, "Gipuzkoako Batzar Nagusiek 2014ko urrian onartutako foru arauak gizarte justuago bat lortzeko irizpideak txertatzen ditu erosketa publikoen esleipenetan".

Gaineratu duenez, esleipena egiterakoan kontuan hartzen dira hautagaiak diren enpresek beren ohiko jardunean genero berdintasuna eta ingurumena errespetatzea, langileen lan-baldintzak eta hizkuntz-eskubideak bermatzea eta baztertzeko arriskua duten kolektiboak laguntzeko neurriak hartzea.

Gipuzkoako Foru Aldundiak zehaztu du Urquijok hogeitik gora helegite jarri dituela Diputazioaren erabaki eta arauen kontra "itsu-itsuan".

"Zentzugabekeria horren adierazlea da, adibidez, justizia soziala helburu duen foru arau honen kontra jarritako helegitea epez kanpo aurkeztu zuela", nabarmendu du Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoako albisteak