Politika -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Rekarte: 'Gerrara ez doazen gerra-gizonak dira ezker abertzalekoak'
ETAn "zerbait egiteagatik" sartu zela azaldu du Iñaki Rekarte ETAko kide ohi damutuak, Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean.
eitb.eus
Iñaki Rekarte (Irun, 1971) ETAko kide ohi damutuak "lasaitasuna" sentitu zuen Segurtasun Indarrek 1993an atxilotu zutenean. "Ez zaude gustura, noski, baina uf, karga handia zen". "Ohean sartzen nintzen eta…". Airean utzi ditu azken hitzak, esaldia bukatu gabe, bizkar gainean zama astuna duen erakusle.
17 urte zituenean drogak probatzen hasi zen Iñaki Rekarte. Juanra lagunak, kezkatuta, aitaren aurrera eraman zuen eta, gero, Gizaki Helburu drogazaleak artatzeko elkartean sartu zen. Bi urteren ostean, 19 urtekoa zela, ETAn barrena egin zuen, eta Francisco Gil Mendozaren hilketan parte hartu zuen, Irunen. Horren ostean, Frantziara ihes egin zuen, liberatu gisa aritzeko. Francisco Mugika Garmendia Pakito ETAko buru militar historikoa ezagutu zuen han, eta bonba autoa zartarazi zuen Santanderren, hark aginduta. Helburua poliziak hiltzea zen, baina hiru zibil hil zituen.
Espetxean, Monica monitore andaluziarrarekin maitemindu zen. Horrekin ezkondu eta seme bat izan eta gero, Langraiz bideari ekin zion, eta Europar Batasuneko Justiziak 'Parot doktrina' baliogabetu ondoren geratu zen aske. Egun, Donezteben bizi da, tabernari gisa; Lo difícil es perdonarse a uno mismo (Nork bere buruari barkatzea da zailena) liburua publikatu berri du, eta astearte honetan "Faktoria" Euskadi Irratiko saioan izan da, istorio hori azaltzen. Sentsazio eta abentura berrien bila ETAn gazte sartu zen ETAko kide damutu baten istorioa kontatu du.
Elkarrizketan, "den-denaz" damutzen dela esan du Rekartek. "Pisua sentitzen duzu, eta gero eta seguruago zaude dena alperrik izan dela", azaleratu du.
"Ni ez naiz inoiz ETAkoa sentitu, baina hor egon naiz 20 urte", laburbildu du ETAko kide ohiak. Esaldi horrekin, erakunde armatuko kideak "konbikzio politikorik gabekoak edo oinarri gutxikoak" direla adierazi nahi izan du. "Asto batzuk ginen, eta guk politika despektiboki aipatzen genuen, politiquillo hori esaten genuen".
"Zerbait egiteagatik" sartu zen ETAn, baina "segituan" ohartu zen hori ez zela "espero nuena". Hori bai, damutzea espetxean etorri zitzaion, 30 urte inguru zituela. Monica monitore andaluziarra ezagutu zuen bertan. Ezkondu eta semea izan ostean egin zion buruak klik. "Baina zer ostia egiten dut nik hemen?" pentsatu zuela kontatu du. "Nire semea jaio zen eta orduan imajinatu nuen zer izango zen hura galtzea. Zer kristo, nire bideari ekingo diot esan nuen". Orduan heldu zion Langraiz bideari.
Bere erantzukizuna onartzen duela azaldu du Rekartek, baina ETAko buruek gazteak "manipulatzen" zituztela iradoki du. Ezker abertzalearekin ere haserre eta minduta dago: "Gerrara joaten ez diren gerra-gizonak dira, guk egindako atentatuei paper polita jarri dietenak; jakin nahiko nuke nik atentatua egin ostean nork esan zuen son consecuencias del conflicto [gatazkaren ondorioak dira]".
Ezker abertzaleko "edozein kideri" honakoa esango liokeela esan du: "Oso erraza da beti hor egotea korronte hori [ETAren atentatuak] aprobetxatzen, baina zuk kontzientzia garbi mantendu; zuk ez duzu inoiz hilko, hilko dut nik, lasai; eta ez duzu inoiz ezagutuko zer den sufrimendua, edo zuk hildako norbaiten senideak idatzitako gutuna irakurtzea, hori ez duzu en la puta vida jakingo. Gainera, ez duzu inoiz ezer esango, ze kobarde hutsa zara eta beti izango zara, izan zaren bezala".
Torturak
Bestalde, Rekartek aitortu du Segurtasun Indarrek torturatu egin zutela, eta ukatu egin du torturak salatzea ETAren eskuliburuaren agindu bat zela.
Horren ildotik, torturak "sistematikoak" izan direla nabarmendu du. "Ez da inor pasa komisariatik torturatua izan barik; ETAkoak ez, behintzat".
Dena dela, "kasu batzuetan" torturatu behar dela "ulertzen" duela esan du. "Momentu batean hori esan nuen eta esan zidaten tortura justifikatzen dudala, eta ez, justifikatu ez, baina gauzak dira diren bezalakoak".
Amnistia eta hauteskundeak
Presoen amnistia eskaera ere hartu du hizpide Rekartek elkarrizketan, eta susmoa du ez dela halakorik egongo.
"Atzo Arraizek [Sortuko presidentea] esan zuen prest daudela amets baten alde borroka egiteko. Egun batean ametsetik jaitsi eta hasiko dira bizitzari aurre egiten. Momentuz, ametsetarako prest daude; bada, jarrai dezatela amesten", adierazi du.
Bestalde, igandeko hauteskundeetan ez duela bozkatuko esan du. "Ez dut inoiz botoa eman, ETAk abstentzioa eskatu zuenean bakarrik, kontra egiteagatik". Izan ere, "pertsonak hiltzen ibili direnek" ez luketela "boto eskubiderik" izan beharko iritzi dio; "ezta politikaz hitz egiteko ere". "Alde humanotik zerbait esan dezakegu, baina neurtuta, betiere", erantsi du.
Azkenaldian hainbat elkarrizketa eskaini ditu hedabideetan, ETAko barrenak azaltzen. "Etxeari [ETA] buruz hitz egiten badut, hor egon naizelako da eta badakidalako zertaz hitz egiten ari naizen", gaineratu du.