Politika -
Valentziako Udala
Rita Barberaren ordezkaritza gastuak ikertuko ditu Fiskaltzak
Compromis alderdiak ordezkaritza fakturen berri eman zuen eta Valentziako Fiskaltzak ikerbidea hastea erabaki du. Gastuak 278.000 eurokoak izan ziren 2011tik 2014ra bitartean.
Agentziak | Erredakzioa
Valentziako Udalaren eta Rita Barbera alkatearen ordezkaritza gastuak ikertzeko diligentziak zabaldu ditu Fiskaltzak. Compromis alderdiak ordezkaritza fakturen berri eman zuen. Gastuak 278.000 eurokoak izan ziren 2011tik 2014ko irailera bitartean.
Monica Oltra eta Joan Ribo Compromisen presidentegaiak eta alkategaiak, hurrenez hurren, prentsaurrekoa eman dute gaur. Teresa Gisbert fiskalburuak maiatzaren 12an sinatutako idazkiaren kopia erakutsi dute bi hautagaiek. Jakinarazpena asteazkenean jaso zuten Compromiseko ordezkariek.
Delitu zantzuen aurrean instruktore bat izendatu dute dagoeneko. Compromisek fakturak ritaleaks.compromis.net webgunean salatu eta gero ikerbidea abiatu du Justiziak. "Luxuzko" gastuak eta Barberaren alderdiko ekitaldiak ustez Udalak ordaindu zituela salatu du Compromisek.
Monica Oltra Compromisen presidentegaia. Argazkia: EFE
Bestalde, ordezkaritza aurrekontua gainditzea, hau da, "gastu handiegia" salatu du Compromisek, "biderkatu" egin zutelako Barberaren ahizparen baimenarekin. Ahizpa konfiantzako kargua zuen alkateak eta horrek prebarikazioa agerian uzten duela uste du Compromisek.
Era berean, indarrean dagoen legedia saihesteko gastuak legez kontra zatikatu dituztela salatu du koalizioak. Konkurtso publiko bat deitzea saihestu nahi zuten (18.000 eurotik abiatuta), ordezkaritza "lagunen" eskuetan uzteko.
Manipulazioa leporatu dio Barberak Compromisi
Bestalde, "lotsa ematen duen manipulazio bat" egitea egotzi dio Barberak Compromisi. Kanpaina "zikina" egiten ari dela salatu du PPko alkategaiak.
"Compromis eta EU astakeriak egiten ari dira, bat kanpoan geratzen delako eta bestea eserleku bat lortu nahi duelako", adierazi du Valentziako alkateak. Fiskaltzak zabaldu duen ikerketa prozedura kontua baino ez dela erantsi du Barberak.