Politika -
M15-aren laugarren urtemuga
Hauteskunde Batzordeak debekatu egin du M15ek deitutako kontzentrazioa
Biharko gogoeta egunerako deitutako kontzentrazioaren helburua "aldarri politikoak egitea eta sustatzea" dela uste du Madrilgo erakundeak.
Agentziak | Erredakzioa
M15 mugimenduak maiatzaren 23rako Madrilgo Sol plazan deitutako elkarretaratzea debekatu du Madrilgo Hauteskunde Batzordeak. Kontzentrazio horren helburua "aldarri politikoak egitea eta sustatzea" dela uste du erakundeak, eta biharkoa gogoeta eguna dela kontuan hartuta, Legeak horrelakoak espresuki debekatzen dituela argudiatu du Batzordeak bilkura galarazteko.
Erabakia atzo hartu zuen erakundeak. Bertan azaltzen duenez, mugimenduak ez dio Gobernu Ordezkaritzari deialdiaren berri eman, baina "plataformaren webguneetan eta haren aldeko diren hedabide batzuetan zabaldu dute".
Hala, Batzordeak gogorarazi du horrelako ekitaldiak Gobernuari jakinarazi behar zaizkiola, eta, egin ezean, Konstituzioaren 21.2 artikulua urratuko dela.
Ekitaldiaren asmoa "aldarri politikoak egitea eta sustatzea" dela iritzi dio Hauteskunde Batzordeak, eta horrek "eragin zuzena" duela indarrean dagoen hauteskunde prozesuan; ondorioz, hauteskunde propaganda ekitaldi bat dela argudiatuta, debekatzea ebatzi du.
M15 mugimenduak duela aste batzuk iragarri zuen laugarren urtemuga ospatzeko ekitaldi sorta, tartean, larunbat honetarako deitutako "eduki politikoa izango duen batzarra eta kontzentrazio eta oihu isila Solen".
Duela lau urte, aurreko udal eta foru hauteskundeen gogoeta egunean, elkarretaratzeak egin zituen Benetako Demokrazia Orain mugimenduak (M15aren ernamuina) Estatu osoan. Madrilgo Sol plazan jendetza bildu zen, Madrilgo Hauteskunde Batzordeak eta Hauteskunde Batzorde Orokorrak ezarritako debekua gorabehera.
Concepción Dancausa Espainiako Gobernuak Madrilen duen ordezkariak Onda Cero irrati katean adierazi duenez, Batzordearen erabakia betearazteko "hartu beharreko neurriak" hartuko ditu.