Politika -
Bartzelonan
Akordioa politikaren funtsa da, Urkulluren eta Masen iritzian
Lehendakaria eta Kataluniako presidentea Bartzelonan bildu dira, eta joan den maiatzaren 24ko hauteskundeetako emaitzak aztertu dituzte.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iñigo Urkullu lehendakariak eta Artur Mas Kataluniako presidenteak gaur adierazi dutenez, ekintza politikoaren oinarria da akordioaren kultura, eta horretan bat egiten dute bai Euskadik bai Kataluniak ere, Eusko Jaurlaritzak ohar baten bidez jakinarazi duenez.
Bi buruzagiek ordubeteko bilera egin dute gaur Bartzelonako Generalitateko Jauregian, Errege Kopako partidaren aurretik. Lan-bilera horretan bi buruzagiek maiatzaren 24ko hauteskunde-emaitzak aztertu dituzte.
Lehendakariaren eta Masen iritziz, hauteskunde-emaitzek "panorama politiko anitzagoa sortu dute eta, horren ondorioz, hainbaten arteko akordioak bilatu beharko dira, erakundeei egonkortasuna eman ahal izateko". Jaurlaritzak zabaldu duenez, "Euskadiko eta Kataluniako historia eta egoera desberdinak izan arren, Urkullu eta Mas bat etorri dira, eta akordioaren kultura ekintza politikoaren oinarria dela diote".
Bilera horretan, Estatuko egoera politikoa ere izan dute mintzagai, eta bi gobernuen arteko harremanak estutu behar direla partekatu dute.
Bileraren ostean, Camp Noura abiatu dira, Errege Kopako finaleko partida ikustera.