Politika -

Epaiketa Iruñean

Asiain: 'Erruduntasun zantzu argiak daude Cerveraren aurka'

Iruñeko epaitegi bat Nafarroako PPko presidente ohia epaitzen ari da, CANeko presidente ohiari xantaia egitea egotzita.

Santiago Cervera Nafarroako PPko presidente ohia, akusatuen aulkian. EFE
Santiago Cervera Nafarroako PPko presidente ohia, akusatuen aulkian. EFE
Santiago Cervera Nafarroako PPko presidente ohia, akusatuen aulkian. EFE

ERREDAKZIOA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Antonio Asiain Nafarroako Kutxako presidente ohiaren esanetan, "erruduntasun zantzu argiak" daude Santiago Cervera Nafarroako PPko presidente ohiaren aurka.

Iruñeko 3. zenbakiko Zigor Epaitegia Cervera epaitzen hasi zen atzo, Asiaini xantaia egitea egotzita. Ustez, PPko buruzagi ohiak 25.000 euro eskatu zizkion CANeko presidente ohiari, "trapu zikin batzuk argitara ez ateratzearen truke". Guardia Zibilak Nafarroako hiriburuko harresian atxilotu zuen 2012ko abenduan, dirua jasotzera joan omen zenean.

Hori horrela, berak ez zuela Cervera salatu argitu du gaur Asiainek, epaitegira sartu baino lehen. "Nik mehatxu batzuk salatu nituen, eta salaketa horren ondorioz hasi zen Cerveraren aurkako ikerketa", adierazi du.

Horren esanetan, "instrukzio-epaile batek eta Lurralde Auzitegiak erruduntasun zantzu argiak daudela ondorioztatu dutelako aurkeztu dut akusazioa".

Lekuko gisa epailearen aurrean egindako deklarazioan, xantaia 2012ko abenduaren 4an jaso zuela azaldu du Asiainek. Bere burua mehatxatuta sentitu zuenez, Guardia Zibilari horren berri ematea erabaki zuela kontatu du CANeko presidente ohiak.

Horren hitzetan, ez zion erantzun mezuari, "joko horretan ez sartzeko", eta ez zuen "ezta pentsatu ere" egin eskatutako dirua ematea.

"Profesional batek egin zuen [mehatxua], idazteko modua kontuan hartuta", esan du.

Atzoko saioan, Cerverak errugabetzat jo zuen bere burua, eta "tranpa baten biktima" dela salatu zuen. Izan ere, Jose Antonio Asiainek jaso zuen mezua ez zuela berak igorri argudiatu zuen.

Cerverak epailearen aurrean deklaratu zuenez, ustez Nafarroako Kutxari buruzko informazio garrantzitsua zuten agiri batzuk jasotzera joan zen 2012ko abenduan Iruñeko harresira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Albisteak Nafarroa