Politika -
Frantzia
Finalera semeekin egindako bidaiaren kostua itzuli egingo du Vallsek
Championseko finala ikustera semeekin joan zen lehen ministroa, hegazkin ofizialean. 'Oker jokatu' zuela onartu eta dirua itzuliko duela agindu du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Manuel Valls Frantziako lehen ministroak iragarri duenez, joan den larunbatean bere semeekin hegazkin ofizialean egindako bidaiaren zati bat itzuli egingo du bere poltsikotik. Barçaren jarraitzaileak dira eta Championseko finala ikustera joan ziren Berlinera. Semeen bidaiak eragindako kostuak bere gain hartuko dituela esan du.
Lehen ministroak familia osoaren bidaia diru publikoarekin ordaindu izanak hautsak harrotu ditu Frantzian. Polemika horren aurrean, atzo hedabideen aurrean egindako adierazpen labur batean, lehen ministroak onartu zuen "oker jokatu" zuela. "Ez nuke berriro halakorik egingo. Edozein zalantza argitzeko, nire semeen bidaiari dagokion kostua itzuli egingo dut, 2.500 euro", esan du.
Frantziako prentsak azken egunotan kaleratutako datuen arabera, Vallsek semeekin Berlinera egindako bidaiaren kostua 12.000 eta 20.000 euro artekoa izan zen denera.
Lehen ministroak argitu duenez, "bidaia ofiziala" izan zen eta horregatik erabili zituen Frantziako Gobernuak halako bidaietarako bere eskura jartzen dituen baliabideak. "Dena dela, frantziarren erreakzioa ikusita, garbi dago ezin dudala beste aldera begiratu, eta nere jarduerak zorrotz zaintzea dagokit", esan du.
Atzo hedabideek argitaratu zuten inkesta baten ondotik etorri da Vallsen berehalako erreakzioa. Galdeketa horren arabera, Frantziako herritarren % 77k ez dute begi onez ikusi Vallsek hegazkin ofiziala erabili izana Championseko finala ikustera joateko, finaleko bi taldeetako bakar bat ere Frantziakoa ez izanda.