Politika -

proposamena

Jose Luis Bilbao Herri Kontuen Euskal Epaitegirako proposatu du EAJk

Bizkaiko jarduneko ahaldun nagusiak Jose Maria Gorordoren lekua beteko luke erakunde honetan.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk Jose Luis Bilbao egun jardunean dagoen Bizkaiko ahaldun nagusiaren hautagaitza aurkeztu du astelehen honetan Herri Kontuen Epaitegirako. Proposamena Eusko Legebiltzarrean erregistratu dute jeltzaleek. Jose Maria Gorordo Bilboko alkate ohiak erakunde honetan duen kargua (batzarkidea da) beteko luke, horrenbestez, Bilbaok.

Bilbaorekin batera, Begoña Marijuan eta Eusebio Melero kide izaten jarraitzeko eskatu du Euzko Alderdi Jeltzaleak.

Jarduneko ahaldun nagusiak 2014ko irailean iragarri zuen ez zela berriro hautagai izango, 12 urteren ondoren. Zientzia Ekonomikoetan lizentziaduna, ardura ezberdinak izan ditu Administrazio Publikoan, batez ere, kudeaketa eta ekonomiaren kontrolaren alorretan.

1983 eta 1987 urteen artean, Ogasun eta Finantza Saileko Gastu Publikoaren zuzendari izan zen; hurrengo lau urteetan, Bizkaiko Ahaldun Nagusiaren idazkari nagusi jardun zuen, baita aurrekontuen koordinatzaile nagusi ere. 1991-1995 legegintzaldian, Ekonomiaren Sustapenerako diputatu izan zen, eta, 2003tik gaur egun arte, Bizkaiko ahaldun nagusi. Bilbao Itun Ekonomikoaren Batzorde Mistoko eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren ordezkari ere izan da, besteak beste.

Melero eta Marijuan

Eusebio Melero Zuzenbidean lizentziatua da eta Masterra dauka Giza Baliabideen kudeaketa eta garapenean. Bere ibilbide profesionalari dagokionez, EAEko Administrazioko Goi-Mailako Kidegoko funtzionarioa da. Beste hainbat karguren artean, honakoak dira nabarmentzekoak: Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Zerbitzu zuzendaria (1991-1999), Bilboko Udaleko Gizarte Ongizate Saileko eta Giza Baliabideen Zerbitzuko zinegotzi-ordezkaria (1999-2003), Bizkaiko Foru Aldundiko Herri-lan eta Garraio foru diputatua (2003-2007) eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiko Kontseilaria (2007-gaur egun).

Begoña Marijuan, berriz, Zientzia Ekonomikoetan eta Enpresaritzan lizentziaduna da, eta bere ibilbide profesionala enpresa pribatuan eta administrazio publikoan egin du. Besteak beste, auditore lanetan aritu da Coopers y Lybrand enpresan eta Eusko Jaurlaritzako zenbait sailetan lan egin du, esaterako, Ogasun eta Finantza Saileko Kontu-Hartzaile zuzendaritzan; Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurumen Saileko Zerbitzuen zuzendaritzan; eta Osasun Saileko Plangintza eta Erregimen Ekonomikoko zuzendaritzan. 1991az geroztik, Herri Kontuen Euskal Epaitegiko kide da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea