Politika -

Artxanda mendian

Gerra Zibilean hildako gudariak omendu dituzte Bilbon

Bilboko alkatearen iritziz, "gudariak ez ziren gerran borroka egin zuten ausartak, bakearen, askatasunaren eta gizarte zuzenago baten alde borroka egin zuten pertsonak baizik".

Artxanda mendian egin dute omenaldia. Argazkia: EiTB
Artxandan, omenaldia egin diete gudariei

0:46

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gerra Zibilean hildako gudariak omendu dituzte igandean Bilbon, ohi bezala. Jose Moreno omenduen ordezkariak esan duenez, "etorkizuna ezin da ez ahanzturaren ez gorrotorean gainean eraiki".

Artxanda mendiko 'Aztarna' eskulturaren inguruan bildu dira gudariak eta senideak eta hainbat ordezkari politiko, tartean, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburua, Jose Luis Bilbao Bizkaiko jarduneko ahaldun nagusia, Andoni Ortuzar EBBko presidentea, Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia, Juan Maria Atutxa Sabino Arana Fundazioaren presidentea, Iñaki Anasagasti senataria, Alfonso Gil PSE-EEko zinegotzia, Bruno Zubizarreta EH Bilduko zinegotzia, Beatriz Marcos PPko zinegotzia eta Francisco Samir Ganemoseko zinegotzia.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak Jose Moreno gudariaren eskutitza irakurri du (ezin izan du bertan egon gaixorik baitago). Morenoren hitzetan, "1936ko altxamendu militarrak gerra zekena eta diktadura ekarri zituen, eta Euskadin historian izandako tragediarik handiena izan zen".

"Errepublikanoa, nazionalista, anarquista, sozialista edo komunista izateagatik, demokraziaren eta askatasunaren baloreak defendatzeagatik, 6.000 lagun fusilatu zituzten Euskadin, eta beste 7.000 frontean", esan du Morenok Aburtoren ahotik.

Halaber, Bilboko alkateak nabarmendu duenez, "gudariak ez ziren gerran borroka egin zuten ausartak, bakearen, askatasunaren eta gizarte bidezkoago baten alde borroka egin zuten pertsonak baizik".

Bestalde, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen arabera, "bidegabekeria eta indarkeria ekintzetan oinarritutako iraganeko jazoera historikoak oroitu behar dira, eta horretarako dago memoria historikoa".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Memoria Historikoa