Politika -
Ministro ohia
Werten polemika nagusiak
"Ikasle kataluniarrak espainolizatu" nahi izatetik kultur ekitaldi ugaritan jasotako kritiketara, atzo arte Espainiako Hezkuntza ministro izan denak titular asko eman ditu urteotan.
M.G | Erredakzioa
Jose Ignacio Wert atzo arte Espainiako Hezkuntza ministro izan dena ez da oharkabean igaro, eta une gogoangarriak utzi ditu adierazpen polemiko ugari eginez.
"Ikasle kataluniarrak espainolizatu"
Haren adierazpen polemikoena honakoa izango da: "Ikasle kataluniarrak espainolizatu behar ditugu". Diputatuen Kongresuan esan zuen, Kataluniako hezkuntza eta independentismoa lotzeko. Gainera, espainierak Kataluniako eskoletan jasotzen duen tratamendua katalunierak frankismoan jasotzen zuenarekin alderatu zuen.
Kulturaren BEZa
Kulturaren BEZa % 8tik % 21era igo izana da beste polemika puntu nagusietako bat; izan ere, telebistaz ikusi ahal izan dira sari banaketetan jaso dituen kritika publikoak. Zinemaren munduko saridunek erreferentzia ugari egin izan dizkiote saria jasotzerakoan, BEZaren igoerak sektorea suntsitu duela iritzita. Wertek honela erantzun zien kritikei: "Apokalipsi iragarpenak goiztiarregiak dira".
Gazteak, atzerrira
Unibertsitateko ikasketak dituzten gazteek atzerrira jotzeko hartu duten joerari dagokionez, hauxe adierazi zuen: "Zentzuzko arrazoiak tarteko, nahasi egiten dira nazioarteko mugikortasuna eta adituen ihesa".
Bekak
Beken murrizketen eta horiek lortzeko baldintzen inguruan: "Ez gaude prest ikasketak bukatu gabe utziko dituzten ikasleekin 4.000 milioi euro gastatzeko".
Selektibitatea
"Selektibitateak ez du funtzionatzen, ikasleen % 94k gainditzen baitu", esan zuen hezkuntza erreforma defendatzeko.
Unibertsitateko tasen igoera
Honakoa esan zuen Hezkuntza ministro ohiak, unibertsitateko ikasketak ezingo zituztela ordaindu ziotenen aurrean: "Zer esan nahi du familiek tasak ordaintzeko baliabiderik ez izatea? Ez dituztela baliabideak horretarako erabili nahi, beste gauza batzuetarako baizik".
Demokrazia hezkuntza komunitatean
"Hezkuntza komunitatea ezin da komunikate demokratikoa izan, hezkuntza prozesua ez baita demokratikoa", esan zuen Wertek Hezkuntza ministro izendatu baino lehentxeago.