Politika -
Auzitegi Nazionala
32 urteko zigorra ezarri diote Aginagalderi, Carrasco hiltzea egotzita
Iaz, Auzitegi Nazionalak Aginagalde absolbitu zuen, froga faltagatik, baina Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuen ebazpena, eta epaiketa berriro egiteko agindu zuen.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Beñat Aginagalde ETAko kideari 32 urteko espetxe zigorra ezarri dio Auzitegi Nazionalak, 2008an Isaias Carrasco Arrasateko zinegotzi ohi sozialistaren hilketa egotzita.
Iaz, Auzitegi Nazionalak Aginagalde absolbitu zuen, froga faltagatik, baina Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuen ebazpena, eta epaiketa berriro egiteko agindu zuen; Gorenaren iritzian, ez ziren behar bezala kontuan hartu bi lekukok Aginagalderen argazkia ikusita egin zituzten deklarazioak.
Auzitegi Nazionaleko Zigor-arloko Salak errudun jo du Aginagalde, eta hilketa terrorista, armak modu ez zilegian edukitzea eta helburu terrorista zuen kaltea eragitea leporatu dio.
Espetxe zigorra bete ondoren, hurrengo hamar urteotan, Aginagalde ezingo da Arrasatera joan, epailearen aginduz. Horrez gain, 500.000 euro eman beharko dizkie haren senideei, kalte-ordain gisa.
Lekuko babestu batek egindako deklarazioa aintzat hartu du Auzitegi Nazionalak bigarren epaiketa honetan. Hiltzailea "ederto" ikusi zuela berretsi zuen "irmotasunez". "Irudi hori memorian ondo gorde nuen", azaldu zuen.
Hiltzailea atentatua egin aurretik eta ondoren ikusi zuela esan zuen lekukoak epaiketan.