Politika -
Epaia
14 urteko espetxe zigorra ezarri diote Ibon Goieaskoetxeari, Frantzian
Frantziak Espainiaren esku utziko du zigorra bete eta gero, bertan ere hainbat auzi irekita baititu ETAko kideak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Frantziako Justiziak 14 urteko espetxe zigorra ezarri dio gaur Ibon Goieaskoetxea Arronategi ETAko kideari, arlo logistiko-militarrean ardura kargua izatea egotzita.
Parisko Auzitegiaren epaiaren arabera, Frantziak Espainiaren esku utzi beharko du zigorra bete eta gero, bertan hainbat auzi irekita baititu.
Epaileek bateratu egin dituzte zigor hau eta aldez aurretik Frantzian ezarritako beste biak (7 urteko bat eta 5 urteko beste bat). Ondorioz, kondena handiena bete beharko du, hots, azkena (14 urtekoa).
Orotara 31 delitu egotzi zizkioten Goieaskoetxeari, baina hainbatetan absolbitu dute. Adibidez, 2010eko urtarrilean ETAk Frantziako erdigunean egindako matrikula lapurretagatik epaitu zuten, baina ez zuten zigortu.
Epaiketan, Euskal Herriko bake-prozesua kontuan hartzea eskatu zuen ETAko kidearen defentsak, baina Maryvonne Caillibotte fiskala aurka agertu zen, eta 15 urteko espetxe zigorra eskatu zuen. "Egindakoagatik kondenatu beharra dago, egungo egoera [politikoa] kontuan hartu gabe, bi gauzek ez baitute zerikusirik", adierazi zuen.
Horren esanetan, Goieaskoetxea ETAren "linea gogorrekoa" zen, "Garikoitz Aspiazu Rubina Txerokirekin eta Mikel Karrera Sarobe Atarekin batera". Horregatik, "horren ekintza terroristak eta bakearen aldeko mezuak kontraesanezkoak ziren".
Epaiketan, Goieaskoetxeak ETAn "goi-kargua" zuela esan zuen Laurent Hury poliziaburuak, "baina ez zen talde logistiko-militarreko burua", horren arabera.