Politika -
Madril
Artxibatu egin dute Zapataren aurkako kereila
Irene Villak idatzi bat igorri du Auzitegi Nazionalera, Madrilgo zinegotziaren txioak ez zaizkiola iraingarriak iruditzen azaltzeko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko epaileak artxibatu egin du Guillermo Zapata (Podemos) Madrilgo Kultura zinegotzi ohiaren aurka aurkeztutako kereila.
Duela lau urte Twitterren idatzitako iruzkin batzuengatik jarri zuten kereila. Mezu horietan, burla egin zuen Irene Villa ETAko biktimaren eta holokaustoaren gainean, besteak beste.
Irene Villak berak idatzi bat igorri dio Auzitegi Nazionalari, bere aurkako iruzkinak iraingarriak iruditzen ez zaizkiola esateko. Hori dela eta, epaileak artxibatu egin du auzia.
Blanca Rodriguez fiskalak biktimak umiliatzea egotzi zion Zapatari.
Txio polemikoak 2011n idatzi zituen Zapatak. Orduan, ez zen politikaria, gidoilaria, zinemagilea eta idazlea baizik.
Txio batean, adibidez, honakoa idatzi zuen: "Nola sartuko zenituzke bost milioi judu auto batean? Hautsontzi batean".
Polemikaren ostean, Zapatak Kultura zinegotzi kargua utzi behar izan zuen, baina hiru barrutitan zinegotzi izaten jarraitu du.
Horren esanetan, umore beltzaren mugen inguruko eztabaida baten baitan idatzi zituen txioak, El País egunkariak Nacho Vigalondo zinemagilea blogari gisa kaleratu eta gero, hain zuzen ere, holokaustoari buruzko txiste bat egin zuelako.