Politika -

Helegitearen ikustaldia

Eusko Jaurlaritza, lasai Auzitegi Gorenaren epaiaren zain

Epaileek zuzen eta inpartzial jokatuko dutela konfiantza osoa duela adierazi du Idoia Mendia. Bihar baliteke Auzitegi Gorenak 'Ibarretxe auzia' artxibatzea erabakitzea.

27

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Biharko saiorako Eusko Jaurlaritza "lasai" dagoela eta epaileek "zuzen eta inpartzial" jokatuko dutela konfiantza osoa duela dio Idoia Mendia Eusko jaurlaritzako bozeramaileak. Bihar baliteke Auzitegi Gorenak 'Ibarretxe auzia' artxibatzea erabakitzea. Auzi horretan Patxi Lopez lehendakaria eta aurreko lehendakaria zena, Juan Jose Ibarretxe, epaitzen ari dira Batasunako buruzagiekin bildu izanagatik.

Mendiak epaileen independentzian konfiantza duela adierazi du, eta aldeko epaia ez bada , "helegiteren bat jartzeko aukera egon dela" aipatu du.

Gaur 'Ibarretxe auzia'ren artxibatzea baieztatu dezala eskatu dio Fiskaltzak Auzitegi Gorenari. Auzi horretan Patxi Lopez lehendakaria, Juan Jose Ibarretxe, Rodolfo Ares, Arnaldo Otegi, Rufi Etxeberria, Pernando Barrena, Juan Jose Petrikorena eta Olatz Dañobeitia daude auzipetuta.

Auzia artxibatzea eskatu zuten gaur urtebete

2006an, ETAren su-etena indarrean zela, Ibarretxe, Lopez eta Ares Batasuneko buruzagiekin bildu ziren bi batzar ezberdinetan. EAEko Auzitegi Nagusiak bilera horiek burutzeagatik deliturik egin ez zutela eta zilegitasunezko akusaziorik ez zegoela argudiatuta, auzia artxibatzea eskatu zuen gaur urtebete.

Ermuko Foroak eta Dignidad y Justicia elkarteek helegiteak aurkeztu zituzten erabaki horren kontra eta bihar aztertuko du Auzitegi Gorenaren Zigor-arloko Salak auziaren artxibatzea berretsi ala ez.

EAEko Auzitegi Nagusiak ez zuen erabakia aho batez hartu. Manuel Rabago magistratuak kontra bozkatu zuen, Ermuko Foroak eta Dignidad y Justicia elkarteek osatzen duten akusazioa nahikoa dela ondorioztatuta.

Fiskaltzak eta defentsa ezberdinek auzia ixtea eskatu zuten, Ibarreretxerenak izan ezik. Ibarretxeren defentsak epaiketa azkeneraino eramatea galdegin zuen, legearen baitan jardun zutela erakusteko.

Gauzak horrela, EAEko Auzitegi Nagusiak 'Botin Doktrina' bezala ezagutzen dena aplikatzea erabaki zuen, hau da, auzia prozedura laburtuaren bidez tramitatu zenez, soilik herri-akusazioak (Ermuko Foroa eta Dignidad y Justicia) eskatuta ez zitekeela epaiketarik egin ondorioztatu zuen.

Alabaina, Ermuko Foroa eta Dignidad y Justicia elkarteek errekurtsoa aurkeztu zuten, Auzitegi Gorenaren "doktrina berriago bat" aplikatzea eskatuz, alegia, 'Atuxa Doktrina' ezartzea eskatuz. Juan Maria Atutxa epaitu eta zigortu egin zuten Sozialista Abertzaleak talde parlamentarioa ez desegiteagatik. Atutxaren kontrako auzian ere herri-akusazioak baino ez zuen eskatu epaiketa egitea, baina orduan ez zuten 'Botin Doktrina' aplikatu eta auzia azkeneraino eraman zuten.

'Atutxa auzia'rekin salbuespena egin zuen Auzitegi Gorenak, kasu horretan kaltetu zehatzik ez zegoenez, epaiketa egiteko herri-akusazioaren eskaera nahikoa dela adierazi zuen.

Horrenbestez, 'Ibarretxe auzian' irizpide bietako zein aplikatu erabaki beharko du iritzi ezberdinak biltzen dituen Zigor-arloko Salak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika