Politika -

KONTSULTA KATALUNIAN

% 50arekin irabaziko luke independentziaren aurkako joerak, Katalunian

Generalitateko Centre d'Estudis d'Opinió (CEO) erakundearen azken barometroaren emaitzak jakinarazi dituzte gaur.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Independentziarekiko ezezko jarrerak botoen % 50 eskuratuko lituzke Katalunian, baiezkoaren % 42,9aren aurrean, gaur plazaratu duten Generalitateko barometroaren arabera.

Emaitza horretan, Katalunia Espainiako parte izaten jarrai dezan nahi dutenek zazpi puntuko aldea aterako liekete baiezkoaren aldekoei; gainera, ezezkoaren  aldekoen aurrerapausoa islatzen da aurreko barometroarekin alderatuta: barometro hartan, ezezkoek bozen % 48 eskuratu zuten, eta baiezkoek % 44,1.

"Zer uste duzu izan beharko litzatekeela Katalunia?" dioen galderari honela erantzungo liokete kataluniarrek: "Estatu independentea" (% 37,6 ), "Autonomia-erkidegoa" ( % 29,3),"Estatu bat Espainia federal baten barruan" (% 24).

Beste galdera batean, Kataluniako hurrengo hauteskundeetan botoa erabakitzeko orduan garrantzia gehien duen gaia zein den planteatzen da, eta honako erantzun hauek jaso ditu barometroak: "krisi ekonomikoari aurre egiteko alderdi bakoitzak dituen proposamenak" (% 58,9), "Espainia eta Kataluniaren arteko harremanarekiko alderdi bakoitzak duen jarrera" (% 21,1); hala ere bada bi kontuak garrantzia bera dutela pentsatzen duenik ere (% 14,6).

Inkestatuek euren aburuz arazo garrantzitsuenak zein diren baloratzen dituztenean, langabezia eta lan prekarietatea azaltzen dira lehendabiziko postuan (% 42,1), jarraian politikarekiko duten atsekabea (% 14,5) eta ekonomiaren funtzionamendua (% 10,7) azaltzen dira, hurrenez hurren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako erreferenduma gaur Kataluniako Hauteskundeak gaur