Politika -

Konferentzia politikoa

PPk ez du barne-hauteskunderik nahi

Alderdi barruko demokrazia PPren eztabaidagai nagusia izan da konferentzia politikoaren lehen jardunaldian. Hauteskunde-programaren oinarriak finkatu nahi ditu alderdiak asteburuan.

Alderdi Popularraren konferentzia, Madrilen

1:14

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alderdi barruko parte-hartzea aldatzeko borondatea azaldu du gaur Alderdi Popularrak, militanteei ahotsa emateko, baita karguen hautaketan ere, baina beste alderdi batzuen barne-hauteskunde sistema baztertu du PPk, eta zentzu horretan, alderdi demokratikoena izateaz harro agertu da.

Alderdi barruko demokrazia PPren eztabaidagai nagusia izan da konferentzia politikoaren lehen jardunaldian. Hauteskunde-programaren oinarriak finkatu nahi ditu alderdiak asteburu honetan. Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak konferentziari hasiera eman dio ezustean.

Lilian Tintori Leopoldo Lopez Venezuelako oposiziogilearen emaztea protagonista zuen bideo bat igorri ondoren, Rajoyk hitza hartu du. PPren ikurra “askatasuna” dela goraipatu du Exekutiboko buruzagiak, eta Podemosi eta PSOEri egurra eman die: aurrenari “alkatetza ugari bereganatzeagatik” eta bigarrenari euren babesarekin hori ahalbidetzeagatik. Rajoyk konferentzia itxiko du larunbat honetan.

Maria Dolores de Cospedal alderdiko idazkari nagusia barne demokraziaz hitz egin duen lehenengoa izan da. Militanteek ardura gehiago hartzeko “unea” dela onartu du Cospedalek inaugurazioan. Karguen aukeraketan “protagonista zuzenak” izan behar direla erantsi du idazkari nagusiak.

Hala ere, PPk dagoeneko “barne sistema demokratikoena” duela ohartarazi du Cospedalek. Militanteek konpromisarioak aukeratzen dituzte, eta horiek alderdiko presidenteak, gogorarazi duenez. “Espainiako panorama politikoan” metodorik “parte-hartzaileena” dela gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Alderdi Popularra Espainia