Politika -
Alderdi berria Katalunian
Democrates de Catalunyako sortzaileek gaur emango dute baja UDCn
Antoni Castella Democrateseko kideetako batek salatutako presioak ukatu ditu Ramon Espadaler Unioko idazkari nagusiak.
Agentziak | Erredakzioa
Unio Democratica de Catalunya (UDC) alderditik apartatuta, Katalunian Democrates de Catalunya alderdia sortu dutenek, Antoni Castellak eta Nuria de Gispertek, UDCn baja emango dute astelehen honetan.
Alderdiaren sorrera iragartzeko ekitaldian, UDCren karneta "apurtu" egingo zutela nabarmendu zuten Castellak eta Gispertek.
Castellak berak Catalunya Radiori gaur egindako adierazpenetan azaldu duenez, "nire alde edo nire kontra dinamikan sartuta zegoen alderdia", eta, horrenbestez, "Unioren sorreraren espiritua berpizteko beste alderdi bat sortzeko beharra" ikusi zutela.
Alderdi berria 1.000 militanteren babesa izan zuen ekitaldi baten aurkeztu zuten atzo, Bartzelonako Barts aretoan.
Independentzia helburu, UDCren sorrera ekarri zuten printzipioak berreskuratu nahi dituzte Democrates de Catalunyako sortzaileek.
Espadalerren arabera, ez da presiorik egon
Bestalde, Ramon Espadaler UDCko idazkari nagusiak gogor jardun du gaur Democrates de Catalunyaren sustatzaileen kontra. Izan ere, presioak salatu zituen atzo Castellak. Espadalerrek agertu duenez, "ez dut uste UDCko ezein militantek beldurra izan duenik".