Politika -
Analisi ekonomikoa
Permach: 'Errekuperazio ekonomikoaren tesia gezur hutsa da'
Sortuk azken sei hilabeteko analisi ekonomikoa aurkeztu dute astearte honetan. Josbea Permach alderdiko bozeramailearen ustez, "sortzen diren lanpostuak, kalitate txarrekoak dira".
agentziak | erredakzioa
Joseba Permach, Sortuko bozeramaileak esan duenez, "errekuperazio ekonomikoaren tesia guztiz faltsua eta gezur handi bat" da. Datuek argi uzten dute enplegua sortzen dela, baina sortzen diren lanpostuak kalitate txarrekoak dira. 300.000 pertsona baino gehiago bizi dira pobrezia mugaren azpitik Hego Euskal Herrian.
Sortuk aurkeztu duen analisiaren arabera, 219.000 pertsona daude langabezian Hego Euskal Herrian, biztanleriaren %16a, eta azken sei hilekoan epe luzeko langabetuen kopuruak gora egin duela gaineratu du analisiak. Permachek "epe laburreko azpienpleguaz" ere hitz egin du, eta epe laburreko enplegua daukaten pertsonek beste enplegu bat topatzen jarraitzen dutela ohartarazi du.
Espainiako Estatuan, azpienplegua %9,1ean kokatzen da. Euskal Autonomi Erkidegoan, aldiz, %11,4ko portzentaian (100.000 pertsona) kokatzen da. Industria sektoreko errekuperazioa oso motel doala ohartarazi du Sortuk: "Azken urtean, zerbitzu sektorean sortutako hamar lanpostuko, bakarra sortu da industria sektorean". Soldatek Barne Produktu Gordinean duten pisuak behera egin duela ere azpimarratu du Sortuk bere analisian; 1980. urteko %57,06tik, 2013. urteko %47,52ra. Enpresen mozkinek, aldiz, gora egin dute proportzio berdinean.
"Soberania faltak eragin nabarmena du Euskal Herriko egoera sozioekonomikoan. Troikak agindutako, Espainiar Estatutuko sindikatuek babestutako eta patroiak aplikatutako lan erreformek, milaka euskal langile egoera larrian utzi dituztela", ondorioztatu du Sortuk astearte honetan aurkeztu duen analisian.