Politika -
Ajuria Enean
Enplegua eta ekonomia, Urkullu eta ahaldun nagusien bileraren ardatzak
Iñigo Urkullu lehendakariak eta hiru ahaldun nagusiek bilera egin dute gaur Ajuria Enean, Euskadiren egoera aztertzeko, erakundeen, gizartearen eta ekonomiaren ikuspuntuetatik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iñigo Urkullu lehendakariak eta hiru ahaldun nagusiek bilera egin dute gaur Ajuria Enean, Euskadiren egoera aztertzeko, erakundeen, gizartearen eta ekonomiaren ikuspuntuetatik. Bileran, konpromisoa hartu dute "elkarrekin lan egiteko", ekonomia suspertu eta enplegua sortzeko
Halaber, Euskadiko hainbat mailatako erakundeen partaidetza duten legeak, plan estrategikoak eta konpromisoak aztertu dituzte, eta horien aldeko sektorekako lankidetza mekanismoak indartzeko konpromisoa hartu dute, batzarra bukatu ostean azaldu dutenez.
Enplegua eta ekonomia izan dira bileraren ardatz nagusiak. Urkulluk eta ahaldun nagusiek baloratu egin dituzte bai indarrean dagoen Enplegu Lana eta baita Jaurlaritzak eta hiru foru aldundiek elkarrekin abiarazitako ekintzailetzako estrategia.
Ekonomiaren dinamizazioari dagokionez, esanguratsutzat jo dute Euskadiko Nazioartekotze Kontseiluaren bidez egiten duten enpresen nazioartekotzako lankidetza. Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiek eta beste erakunde batzuek hartzen dute parte horretan.
Halaber, RIS3 espezializazio adimentsuko estrategiaren aurrerapen mailaz aritu dira, baita Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Kontseiluak irailean egingo duen bileraz ere, diputatu nagusi berriak kontseiluko kide izango baitira. Azkenik, Jaurlaritzak eta foru aldundiek hurrengo lau urteetan egingo dituzten inbertsio estrategikoen programak azaldu dizkiete elkarri.
Gizarte gaiei dagokienez, “funtsezkotzat” jo dute gizarte-zerbitzuen plan estrategikoa onartzeko hasitako prozesua amaitzea eta hori abian jartzeko modua planifikatzea. Gizarte-zerbitzuak eta osasun-arreta uztartzeko funtsezko ekimena izango dela adierazi dute.
Bestalde, Legebiltzarrean dagoen Udal Legeaz eta orain gutxi onartutako Etxebizitza Legeaz ere aritu dira. Azken horrek izango duen eragina aztertu dute. Bestalde, garrantzi berezia eman diote Finantzen Euskal Kontseiluaren lanari, ekarpenen lege berriaren gaineko adostasuna lortzeko.
Azkenik, egokitzat jo dute zergak koordinatzeko erakundearen, zerga-iruzurraren aurkako planaren eta enpresen sektore publikoaren berregituraketaren erronkei aurre egiteko erakundeen arteko lankidetza indartzea.