Politika -
Erregearen aurrean
Estatuaren ereduari elkarrizketatik heltzea eskatu du Urkulluk
Erregearen eta Deustuko Unibertsitatean bildu diren ekonomia-, hezkuntza- eta instituzio-esparruko ordezkarien aurrean, Jaurlaritzak enpresaburuekiko duen "konpromisoa" adierazi du lehendakariak.
Agentziak | Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak Estatuaren ereduaren berriztaketa elkarrizketaren eta akordioaren bidez jorratzeko aukera defendatu du Felipe VI.a erregearen aurrean, eta partekatutako etorkizun bat eratzearen aldeko jarrera azaldu du, Euskadiren "izateko arrazoia"rentzat espazioa eta askatasuna izango dituena.
Urkullu Bilbon egon da gaur goizean, Enpresarien Bilguneak bultzatzen duen Enpresa Ibilbideari Espainiako Erresuma Saria banatzeko ekitaldian. Felipe VI.a erregeak zuzendu du ekitaldia, eta bertan Freixenet taldeko ohorezko presidentea, José Ferrer Sala, saritu dute.
Bere mintzaldian zehar, lehendakariak erakunde batzuetatik bultzatzen duten konstituzioaren erreforma "oinarrietatik" egitea defendatu du, negoziazioa erabilita eta "akordioa eta ituna lortzeko gogoa izanda".
Urkulluren aburuz, Estatu batek "enpresa komun bat izan behar du, bere aniztasuna aberastasun-ezaugarri gisa aintzat hartzen duena, eta bata bestearenganako errespetua eta aintzatespena abiapuntu izango dituen harreman-sistema ezarriko duena".
"Etorkizun partekatu bat nahi dugu, gure izateko arrazoiarentzat espazioa eta askatasuna izango dituena", esan du Urkulluk. Horrez gain, azaldu du kontu horretan inork ez duela erabateko arrazoia, eta bere ustetan gakoa partekatzean datzala.
Lehendakariak "negoziatzeko beharrizana, itunak egiteko borondatea eta betetzeko ziurtasuna" nabarmendu ditu. Gainera, Deustuko Unibertsitatean batu diren ekonomia-, hezkuntza- eta instituzio-esparruko ordezkarien aurrean, Urkulluk adierazi du Jaurlaritzak honako arlo hauekiko konpromisoa duela: enpresa-munduarekiko, lanpostuen sorrerarekiko eta publikoa eta pribatua denaren arteko adostasun-eredu batekiko.